UNDERGROUND KLASIKOA

July 27th, 2011

Berria egunkariak 2011ko ekainaren 29an A CAPELLA atalean argitaratu bezala:

Azken urteotan diskoen eta orokorrean musika grabaketen kopiak pirateatzeko joeraren aitzakian entzun ditugun baieztapen apokaliptikoek ez dute batzuek uste bezainbertzeko eraginik eta ondoriorik izan gure gizartean. Diskoak kopiatzeagatik musikariak eta musika bera (goseak? tristurak?) hilko zirela behin eta berriz aurreratu zigutenek beraien gezurrak baino sinetsi nahi izan ez zituztela argi utzi du denborak. Musika ez baita hil. Are gehiago, musika bizi-bizi dago. Inoiz baino musika gehiago egiten dugu, eta disko dendek euren ateak bata bertzearen ondotik ixten dituzten arren, inoiz baino musika gehiago argitaratzen da. Gizakiaren historian ez da behin ere halako egoerarik bizi izan, inoiz ez dugu hainbertze musika eskuragarri eduki, eta noski, ez dugu inoiz orain bezainbertze musika entzun.

Baina arduragabea eta arinegia litzateke egoera berri honek bere ondorio kezkagarriak ere badituela ukatzea. Ez da dena idilikoa. Alor ezberdinetan ondorio nabarmenak dituen fenomenoa da musikaren omnipresentzia, eta adibidez XX. mendean ezagutu ditugun musikaren sailkapen eta balore mailek egoera berri honen ondorioak ere pairatzen dituzte. Are gehiago, baliteke musika instituzionalizatu zen garaietatik bizi dugun aldaketa handienaren atarian egotea.

Orain urte batzuk musika esperimentalei buruz idatzi izan den nazioarteko best seller bakarra (The Rest is Noise) argitaratu zuen Alex Ross idazleak. Gaiaz galdetuta dio: Ezin dugu instituzio handi baten, musika genero edo estilo baten heriotza artearen heriotza bezala ulertu. Heriotza eman dezake baina soilik eboluzioa edo aldaketa da. Dinosauroak desagertu zirenean ere bizitzak aitzinera egin zuen eta espezie berriek hartu zuten haien lekua.

Musikaren munduan dinosauroak diren orkestra sinfonikoak, eta musika klasikoak orokorrean, beharbada halako egoera bati egin beharko dio aurre goiz edo berandu. Esparru honetan ere inoiz baino konposatzaile gehiago baitago, inoiz baino musikari profesional gehiago, inoiz baino jaialdi gehiago… baina garai bateko kultur garrantzia, pisu soziala galdu du. Musika klasikoa bihurtuko ote da, Rossek proposatzen duen bezala, underground musika berria?

Leave a Reply