ENTZULE PERFEKTUA
November 5th, 2011Berria egunkariak 2011ko urriaren 27an BI AHOTSETARA iritzi atalean argitaratu bezala:
Ia bizitza osoa ematen dugu hizlari onak, onenak izateko ikasten. Ikastolan eta etxean hala irakatsi ziguten: ahoskera landu behar dugu, hizkera hobetu, hitz egokiak topatzeko hiztegi aberatsa landu, hizkuntza zuzen, garbi eta elegante erabili… Solasean ikasi genuenetik erakutsi digute hor gordetzen dela arrakastaren sekretu garrantzitsuena, ingurukoen arreta jasotzeko giltza, boterearen abilezia.
Arauak nahikoa argiak dira. Lehendabizi, erabaki zein den zure helburua, eta ez baduzu ere, ez onartu inoiz helbururik ez duzunik. Gero, erabaki entzulea informatu, emozionatu edo engainatu nahi duzun. Hartu arnasa sakon, erlaxatu giharrak. Ezagutu zure entzuleria, erabaki nori zuzendu nahi dizkiozun hitzak, nola, zergatik. Edozein modutan, ez urduritu, hitz egin lasai, izan zu zeu eta ez saiatu ez zaren inor izaten. Ez luzatu gehiegi azalpenetan, ez erabili behar baino hitz gehiago eta azaldu zure ideiak ahalik eta modu zehatzenean. Saia zaitez beti egia erraten, inoiz ez gezurrik, eta horretarako arriskurik dagoela uste baduzu, egin arin salto bertze gai batera, baina ez zaitzala inork inoiz zalantzan harrapatu! Eta bereziki, ez inprobisatu, inprobisatzen duenak ez baitu zertan ari den pentsatzeko betarik, eta, gainera, pasioek eramaten uzteko arrisku handiegia du.
Entzuten, aldiz, inor gutxik irakasten digu, eta erakutsi izan digutenean ere, gehienetan indarrez edo behartuta ikasi dugu. Instrukzio orririk gabe, soilik agindupean. Eta hizlariak ongi daki hori.
Entzuleak, ez. Hark ez daki ze helbururekin entzuten duen, ez daki zehazki nor den, urduri dago, eta, gainera, ez duenez ongi ahoskatzen, bere buruaz lotsatu egiten da. Entzulea beti da gezurretan noiz harrapatuko duten beldur. Beti zalantzan, beti arriskuan. Entzutea etengabeko inprobisazio ariketa delako, eta bereziki pasioen eskutik eramaten uzteko modua. Eta gu, oraindik, hizlaririk onenak izateko ametsetan.
Xabier Erkizia
November 7th, 2011 at 1:02 am
… Entzutea etengabeko inprobisazio ariketa delako. …
Eta inprobisazioa probisionaltasunaren kontzientziarekin jolastea.
Errepikapena, irakurketa, eta grafos guztiak, ez ote dira haiek ere aldakorrak eta amaikorrak?
Hizlaria zerrendarekin akordatzen da.
Bere ahotsa, eten tartean entzuten du. Zenbakiak behin eta berriz behin behinekoz adituz.
November 7th, 2011 at 1:28 am
guztiz ados
are gehiago… batek ez luke bertzea kendu behar…
aipamenak baieztapena baino, hezkuntzaren inguruko parodia izan nahi zuen (behin behinekoa?)
bazpare, hurrengoan eten tarteak lasaiago entzun beharko ditut…
November 7th, 2011 at 11:45 am
onda motza
off luzea
entzuleari off -a ailegatzen zaionean (am plitudeak modulatuta bait da entzuna), klik antzeko instant onda mendiak egiten gaitu kasu.
big bang bang klik eternoari, little bunga bunga atxeki zaio.