LANUZTEA

February 21st, 2012

IMAG0256

Berria egunkariak 2012ko otsailaren 16an BI AHOTSETARA iritzi atalean argitaratu bezala:

Lehengoan irratian grebarako deialdia egin zuten. Erreformen eta murrizketen kontra, langileriaren duintasunaren alde. Ez naiz hasiko grebaren arrazoiez ezta inposatuko diguten lan erreformaren ondorioez idazten; bertzeak bertze, gaiak nahiko espazio jaten duelako jada prentsa orrietan. Apustu eginen nuke baita gaurko edizioan ere. Irratian, langileek lanuzteak egiten dituztenean, normalean ez da ohiko saiorik izaten. Buletin informatiboek eta informazio orokorrari buruzko saioek betetzen dituzte gutxieneko zerbitzuak, hain zuzen grebari buruzko informazioa emateko. Gogoan dut garai batean telebistan greba egiten zenean probako karta jartzen zutela, alegia, telebista benetan geratzen zela. Orain, aldiz, nekez topatuko dugu greba batengatik emisioa etengo duen telebistarik edo irratirik. Lehengoan, erraterako, lanuzte orduetan musika jartzea erabaki zuen irratiak. Ez isiltasuna emititzea. Ez emisioa etetea. Lehengoan, musikak eta, luzapenez, musikariek ez zuten grebarik egin. Ez irratian.

Baina imajina dezagun momentu batez zer eta nolakoa izan daitekeen musikaren greba egun bat. Ez soilik musikariak kontzertuak jotzeari uko egitera bultzatuko dituena —hori behin baino gehiagotan gertatu izan da, orkestra profesionaletan, Broadwayn, jazz klubetan…—, baizik eta edozein musikaren erreprodukzioa ere bertan behera utziko duen protesta eguna. Imajina dezagun musikarik gabeko egun bat. Zein izango lirateke gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak? Komertzioetako musika hariak? Elizkizun seinalatuetako kantuak? Ekitaldi ofizialetako ereserkiak? Informatiboetako sintoniak? Edo akaso zuzenagoa litzateke entzule bakoitzari gehienez kantu bat edo bi entzuteko aukera ematea? Lehen ere halakoetan nahiko eztabaida ulergaitz izan ohi dituzten gobernu, patronal eta sindikatuek nola kontatuko dituzte greba jarraitu dutenen kopuruak? Nola neurtuko ondorioak? Zer litzateke musikaria zehazki? Patronalekoa edo langilea? Eta, aldiz, greba entzuleriak egingo balu?

Xabier Erkizia

Leave a Reply