MAGNETISMOARI ERRESISTENTZIA
March 28th, 2012BERRIA egunkariak 2012ko martxoaren 15ean BI AHOTSETARA iritzi sailean argitaratu bezala:
Nik ere, nire belaunaldiko gehienek bezala, kaseteak erabili nituen musika gordetzeko. Baita musika egiteko ere. Zinta bakoitzak irauten zuen minutu bakoitzari ahalik eta segundo gehien nola atera pentsatzen pasatu izan ditut orduak. Oparitzeko zintak, bilduma ezinezkoak, denetarik egindakoa naiz, baina, egia errateko, ez ditut faltan botatzen kaseteak. Musika egiteko baliteke, baina musika entzuteko, ez bereziki. Eta, ustekabean, azken urte honetan kaseteak pilatzen ari zaizkit mahai gainean. Denak argitaratu berriak. Jaun-andreok, kasetea bueltan da! Juxtu disko konpaktu bat argitaratzea ia-ia erresistentzia keinu bihurtzen ari den garaiotan zinta magnetikoak argitaratzen hasi dira berriz. Zaila da jakitea, erresistentzia, errebeldia edo marketing kontua den, baina biniloari bigarren bizia DJak eman bazion, oraindik ez dut argi ikusten nor ari den zintaren defentsan. Ezta zertarako ere. Nork aldarrikatuko du musikari kalitate hoberik eskaintzen ez dion objektu zaharkitu, hauskor (gogoratzen ataskatzen zirenean?) eta deserosoa? Nork aterako du bere pletina zaharra, (onenean garbitu eta txarrenean moldatu beharko duena), beharbada gustuko izango ez duen musika entzuteko ipodean hainbertze disko eskura izanik? Argi dago: bere buruaren nostalgia duenak, soilik. Pilatzen ditugun objektuak gure izanaren memoria baldin badira, kaseteak zuzenean GU bihurtzen dira. Musikaz gain, bizi honetan igaro dugun denbora zati luzeak gordetzen dituztelako beraien plastiko gogorreko kutxetan. Postontzian kasete berri bat jasotzen dudan aldioro, ezin diot zahar sentitzeari utzi. Saiatuta ere sinesgaitza egiten zait, akaso bihar moda-modakoa bihur daitekeen arren, jende gaztea berriz ere kaseteak erosten imajinatzea. Edo beraien gurasoei walkmana non demontre gorde zuten galdezka imajinatzea. Ezin diot kaseteari nostalgia ez den bertze arrazoirik topatu. Beharbada, hor dago benetako erresistentzia. Ez, izan ginen hura ez ahantzi nahi izatean, baizik eta momentu bakoitzean izatera behartzen gaituzten horrekiko kritiko agertzean.
Xabier Erkizia
April 6th, 2012 at 5:54 pm
[...] Diskoak argitaratzea ia-ia erresistentzia ariketa bihurtzen ari den garaiotan, oraindik jaiotzen dira disketxe berriak, edo argitalpen egitasmo berriak. Horietako bat izan nahi du NUENI RECS zigiluak. Drone, ambient eta field recording lanak ez diren beste musika esperimentalei eskainitako egitasmo hau edizio fisikoak nahiz digitalak argitaratzeko asmoarekin jaio da, anti-copyright filosofia besapean hartuta eta Hector Rey gidari duela. Zure lana irizpide horien barruan kabitzen dela uste baduzu, bidali zure lana, Nuenirecs entzuteko prest dago-eta. [...]