SIBARITAK
April 26th, 2012BERRIA egunkariak 2012ko apirilaren 12an BI AHOTSETARA iritzi sailean argitaratu bezala:
Kontatzen dute historia liburuek, Grezia zaharrean Sibari hiriko bizilagunak beraien gustu berezi eta finengatik zirela ezagun. Garai hartan mediterraneoko pasabide garrantzitsuenetako bat izaki, eraiki bezain laister bihurtu zen Sibari hiri aberats, eta laister aberastu ziren bertako bizilagunak ere. Sibaritek janzkerari, jatekoari eta orokorrean zeramaten bizimoduari zegokionean ez zituzten onartzen beraien gustuen arabera zakarrak edo petralak izan zitezken jarrerak. Orduko kronisten arabera, belarri finekoak ere ba omen ziren. Hagitz finekoak. Hain finekoak, kontatzen dutenez, zarata sortzen zuten artisauak (izan arotz edo errementari), herrigunetik aldentzen zituztela. Ez zituzten onartzen herriko karriketan lanean. Hauez gain dozenaka pasadizo iritsi zaizkigu sibaritei buruz. Denak estrabaganteak, eta seguruaski gehienak esajeratuak, greziarrengan sortu zuten gorrotoaren adierazgarri. Edozein modutan, kronika guztiak bat datoz hiriaren amaieraren berri emateko orduan. Zaldi gainean abilak omen ziren sibaritak: lortu zuten zaldiek musikaren erritmoan dantzatzen ikastea. Eta bisitarien aitzinean harro erakusten omen zituzten beraien zaldien abileziak eta fintasunak. Kristo aurreko 510. urtean, Krotona hiriari guda deklaratu eta laister batean iritsi zitzaien gainbehera. Krotonatarrek ez zuten lan handirik izan euren etsaiak nola garaitu asmatzeko: Sibariko zaldunak pare parean jarri zitzaizkienean, armak utzi eta musika egiten hasi omen ziren, eta jakina, beraien etsaien zaldiek borroka utzi eta dantzatzeari ekin zioten. Handia izango zen benetan sibaritenganako gorrotoa: guda irabazi eta gero Cratis ibaia desbideratu eta Sibari urazpian utzi zuten, berreraikitzeko modurik izan ez zezaten.
Ez dakit ezer ikasi ote dugun sibariten adibidetik. Susmoa dut ez ote garen bihurtu gaurko sibaritak, eta ze musikarekin garaituko gaituzten pentsatzen haste hutsarekin belarriak ere dardarka jartzen zaizkit.
Xabier Erkizia