DISKOAREN ALDE
May 21st, 2012BERRIA egunkariak 2012ko maiatzaren 10ean BI AHOTSETARA iritzi sailean argitaratu bezala:
Orain aste batzuk kasetei buruz idatzi nuen hemen bertan, nagusiki, mahai gainean pilatzen ari zaizkidan zinta argitaratu berriek sortutako egonezinaren eraginez. Ezintasunetik, alegia. Hura idazterakoan ez nintzen konturatu neure burua zuritzen ari nintzela. Kasetearen itzulera zalantzan jartzeko aitzakiak baino ez nituela zerrendatu. Vic Chesnutten Is the Actor Happy? (Texas Hotel, 1995) diskoarekin berriz topo egiteak lagundu dit horretaz konturatzen. 90eko urteetan aunitz maite izan nuen lana izan arren, aspaldi ez nuen entzun Floridako kantariaren disko hori. Bere garaian, kasetean grabatu zidan lagun batek, buelta eta buelta ibiliko zen kasetean. Orain, aldiz, diskoaren bila hasi, Internetetik deskargatu eta ordenagailuan erreproduzitzen jarri dudanean, ez ditut topatu orduan entzuten nituenak. Kantutik kantura bilaka ibili arren, ez ditut topatu garai batean kaseteari buelta eta buelta ematen jarraitzeko arrazoiak, diskoa osatzen duten 19 kantuak aldatu ez diren arren, berberak diren arren. Jakina, bertze gauza aunitz aldatu da tartean. Hasteko, ni, edo behintzat nire entzuteko modua. Eta, tira, Vic bera ere aldatu da, 2009an egin baitzuen bere buruaz bertze. Baina bilaketa frustatu horretatik ihes egitearren diskoa jarraian entzun dudanean ohartu naiz nire akats larriaz: kasetetik ordenagailurako saltoan galdu dudanarekin eta klik batetik bertzerako tartean eskapatzen utzi ditudan ñabardura guztiekin ohartu naiz. Horixe zuen kaseteak, rew- ffw funtzioak erabiltzen ere artistak izan arren, diskoak jarraian entzutera behartzen gintuen. Interneten eta musikaren industriaren arteko ika-mika aspergarri honetan aspaldian entzuten dira singlearen aldeko gorazarreak. Diskoa bertze garai batekoa, zaharkitua, gainditutakoa balitz bezala. Baina ez da horrela. Ez luke horrela izan behar. Musika 3 minutu gainditzen dituzten kontakizunak idazteko gai dela ez ahanztea komeni zaigu. Diskoaren alde egin nahi dut, horretarako kasetea berrerabiltzen hasi behar badut ere.
Xabier Erkizia