EZER EZ ERRATEKO

July 12th, 2012

rajoy-gran-dictador

BERRIA egunkariak 2012ko uztailaren 5ean BI AHOTSETARA iritzi sailean argitaratu bezala:

Harritu xamar begiratzen diot telebistari. Onartuko dut espektatiba haundiegirik gabe begiratzen diodala, baina egun batean eta bertzean gauza bera entzuteak halako harridura eta zergatik ez, beldur moduko bat ere sortzen dit. Hilabeteak dira arreta guztia jarrita ere ez diodala Mariano Rajoyri hitzik ere ulertzen. Ez erabiltzen duen hizkuntza menperatzen ez dudalako. Ez erabiltzen duen hiztegia ulertzen ez dudalako. Ezta aipatzen dituen gaiak arrotzak zaizkidalako ere. Errango nuke, ez diodala ulertzen berak ez duelako nahi. Ez duelako inork ulertzerik nahi. Hauteskundeak irabazi aurretik bere artearen pista nahiko eman bazuen ere, Espainiako erreinuko presidente denez geroztik bere teknika perfekzio maila beldurgarri batera eraman du. Rajoyk badaki mundu mailako agintarien bilera bat egin, edo Europako Banku zentralari milaka miloika euroko erreskatea eskatu eta protokoloak eskatzen duen prentsaurrekoa egiten, ezertxo ere erran gabe. Nahikoa lan du presidente ahotsa jartzearekin. Presidente itxura egitearekin.
Gizarte primitiboetan inork ez du galdetzen “nor da zuen buruzagia?”, “nor mintzatzen da?” baizik. Buruzagiek komunitate osoari publikoki hitz egiteko eskubidea izan ohi dute. Baina aunitzetan, ez zaie ulertu ere egiten. Ez dute beraien jarioa inork ulertzeko beharrik. Laguntzaile batek betetzen du bizilagunei haren erranak ulertzera emateko lana. Harek egiten ditu itzultzaile lanak, harek eraikitzen du herritarrek ulertzeko moduko mezua. Tribuko buruzagiarentzat garrantzitsuenak ez baitira hitzak. Harentzat garrantzitsuena ahotsa da. Agintariak ahotsaren jabe dela erakutsi behar du etengabe. Ezer errateko ez bada ere. Alferrik erabiltzeko baldin bada ere.
Charles Chaplinek bere lehen film soinudunean, Diktadore haundian, Hitlerren imitazio gogoangarria egin zuen. Baina führer-aren hitzak erabili baino, haren ahotsa, haren solasteko modua imitatu zuen, aldiberean ezer eta dena erranez. Eta etorkizunerako mezutxo bat oparitu zigun.

Xabier Erkizia

Leave a Reply