ENTZUMEN BOTERETSUAK
November 5th, 20122012ko azaroaren 1ean BERRIA egunkariko “Bi ahotsetara” iritzi zutabean agertu bezala:
ENTZUMEN BOTERETSUAK
“Entzutea izango da negozioen munduan balio gutxien jaso eta garapen ahulena izan duen trebetasuna, bereziki noraezean eta hain azkar goazen garaiotan”. Baieztapen horrekin saldu didate auto-laguntza liburuen saileko azken nobedadea. Bizitzan arrakasta izateko nahitaez erosi beharreko horietakoa. Badakit marketing kanpaina bat gehiago baino ez dela. Baina ez nolanahikoa. Gomendioa idazten duena Jeffrey Immelt, General Electric multinazionaleko CEOa denean, eta idazlea, bere burua iparramerikako enpresari eraginkorrenen aholkularitzat duen pertsonaia, niri behintzat alarmatxo bat pizten zait barruan (belarrian zizturen bat ere bai, seguruaski). Liburuan, Teledendetako lengoaiarik merkeenez, Power listening edo Entzumen boteretsua izenarekin defendatzen du Bernard T. Ferrarik bere teknika berritzaile bezain sinplea. Haren hitzetan, nahikoa da behar bezala entzuten ikastea etsai guztiak gainditzeko. Entzuteak aberastuko gaitu. Dirutan.
Obamaren Nobel sariaren albo-kaltea izango da. Ze, mundu guztiari entzungor denak orain arrakastaren sekretu bezala entzutea saltzea, guttienez deigarri egiten denik ezin da ukatu. Liburuaren anuntzioak berriki irakurritako testu zahar bat ekarri dit gogora. 1761ean idatzitako Donostiako kronika batean Joaquín de Ordoñezek euskararen hots zatarra aipatzen du. Belarri castellanoentzako disonantea eta inpertinentea, eta emakumeek elkarren artean erabiltzen dutenean, ezkilak aldiberean jotzerakoan bezain ulertezina eta desatsegina da euskara beretzako. Baina beharrezkoa. Soilik baserritarren eta hiritarren arteko harreman komertzialak bizirik mantentzeko bada ere, beharrezkoa. Bortz axola gainerakoak. Komertzioak justifikatzen du euskara bizirik mantentzea. Komertzioak justifikatzen du entzun beharreko hori. XVIII. mendeko liberalek argi zuten jada zer entzun eta zer ez, argi zuten entzunaldi bakoitzaren prezioa zein den. Bistan da: orain Power listening deitzen duten teknika berri ustekoa, pentsa baino zaharragoa da. Guttienez, gure belarriak bezainbeste.
Xabier Erkizia