ENTZUNLARIAK arratsean
November 7th, 2012Euskadi Irratiko Arratsean saioan, 2012-2013 denboraldian, Xabier Erkiziak egindako kolaborazioak entzun daitezke soundcloud webguneko bilduma honetan.
“Dena entzun nahi duen pertsonaiaren figura behin baino gehiagotan topatu daiteke literaturaren munduan. Mitologiatik hasi, eta praktikan erlijio guztiek aipatzen dute, modu batera edo bertzera dena entzuteak ematen duen boterea. Ezinbertzean ahozkotasunari berebiziko garrantzia ematen dioten zenbait kulturetan, oraindik topa daitezke entzule soil baino entzunlariak, adilariak, diren pertsonaiak, entzumenez osatutako memoria biziak; entzuteaz gain, entzumenak sortzen dituzten soinu biltzaileak, gordetzaileak. Gerrateetan ere erraterako, ezagunak izan dira (eta badira oraindik ere) entzuten espezialistak diren ajenteak. Gerra hotzeko irrati bidezko mezu sekretuak bilatzen orduak eta orduak irratia entzuten pasatzen zutenetatik hasi eta gurtel tramako telefono pintxazo bidezko entzunketak egiten dituztenetara. Badira, ofizioz, dena entzun behar bertze erremediorik ez dutenak. (..)
Baina ez dakit gehiegikeriarengatik izango den, saturazioarengatik, edo entzundako guzti hori aditzeak sortzen duen ezintasunak eraginik, baina kasu aunitzetan edo istorio aunitzetan, dena entzun nahi duten pertsonai horiek ez dute ongi bukatzen. Edo, guk behintzat erraz hartzen ditugu erotzat. Eta auniztan, isilpean geratzen dira. Sekula isiltzen ez den mundu zaratatsu batetik ezin irten bezala.”
[Ongietorri entzunlariei, X.Erkizia, Arratsean 2012-10-24]