MONTEHERMOSO GILTZAPEAN
November 15th, 2012[Berria, 2012-11-15]
Montehermoso ixteko bideari ekin dio Gasteizko Udalak
Kulturguneko zenbait lanez arduratzen diren enpresekin kontratuak etetea erabaki du Marotoren taldeak
Xabier Arakistain Arakis barik hasi zuten 2012a Gasteizko Montehermoso kulturgunean. Eta 2013a badirudi ez dutela hasi ere egingo. Alegia, itxi egingo dutela. Gasteizko Udalak erabaki du kulturguneko zenbait lanez arduratzen diren enpresekin zeukan harremana etetea. Urtea amaitu, eta eten egingo ditu aretoen zaintza, eraikinaren segurtasuna eta mediatekaren jarduera kudeatzen duten enpresen kontratuak.
Udalak Montehermosorekiko duen interes falta ez da berria. Gasteizko alde zaharreko muinoan kokaturiko kulturgunera bideratutako aurrekontua %80 murriztu zuen urtea hasieran.
Hala, azken berriek zalantzarako tarte txikia uzten dute: langileen artean aspalditik hedatua zegoen pronostikorik ilunena egia bihurtuko dela dirudi. Montehermosoko ateak itxi egingo dituztela. Araceli de la Horra Montehermosoko egungo zuzendariarekin hitz egiten saiatu da BERRIA, baina ez du adierazpenik egin nahi izan.
Badirudi Javier Marotok gidatzen duen taldeak Gasteiz Antzokia izeneko kafe antzoki bat ireki nahi duela eraikin horretan, baina, gaur-gaurkoz, oposizioko taldeek ez dute inolako proiekturen inguruko berririk. Eta egoera ekonomikoa zein den kontuan harturik, nekez irudika dezakete tankera horretako asmo batek aurrera egingo duenik.
Zernahi irekitzen dutelarik ere, Montehermoso itxiko badute, erreferentziazko toki bat galduko du Euskal Herriko artearen esparruak. Berez, Arakisen aroaren amaierarekin, hein handi batean, hala gertatu den arren. Eta Arakis Montehermosotik aldentzeko erabakia ez da soilik PPrena izan, Marotok agintea hartzean gauzatu bazen ere. jarraitu irakurtzen