HOR, AZPIAN

December 11th, 2012

calefaccion

2012ko azaroaren 29an BERRIA egunkariko “Bi ahotsetara” iritzi zutabean agertu bezala:

Aitak baino belarri finagoa izaki, hiru urteko alabak eman dit lezioa. Lo hartu aitzin, egungo liburudendetan aurki litezkeen ipuin soinudun horietako bat elkarrekin entzun ondotik, «atta! ixo!» erran eta, eskutxoa ezkerreko belarrian jarrita, adi egoteko eskatu dit. Ilunabarreko isiltasunean bere gelako berogailua entzuten da nagusiki, berotzeko sistemaren marmarra, gas hodien oihartzunen musika lanbrotsua. Nire ipuin kontalari dohain zalantzazkoak praktikan jartzen hain kontzentratuta egonik, ordura arte erreparatu gabeko musika seinalatu dit behatzez. Hor dago, azpian. Egunero entzun arren, aditzen ez dugun musika horietako bat erakutsi dit. Bere momentuan John Cagek iradoki zuen bezala, gauden tokian gaudela, entzuten duguna nagusiki zarata da. Kasurik egiten ez diogunean zaratak molestatu egiten gaitu. Adi jartzen garenean, berriz, harrigarria, zoragarria iruditzen zaigu. Atentzioa da gure epaile nagusia.

Komunikazioaren zarata ikertzen duten teorikoek ahotsa objektu gisa aipatzen dute gehienetan, erratetik entzuterainoko bidean interferentziak sortzen dituen objektu zehatz gisa izendatzen dute zarata. Baina ongi pentsatzen jarrita, zentzuzkoagoa dirudi zarataren eta entzun beharreko horren arteko erlazioa zalantzan jarri eta kontrako moduan pentsatzea. Etengabe zarata artean bizi bagara, alegia, gu iritsi aurretik zegoen eta (gure gainetik) dagoen hori, etengabe entzuten dugun hori zarata bada, ez al dira gure soinutxoak, gure ahotsak eta gure musikak benetazko interferentzia bihurtzen direnak? Zeren interferentzia, ordea? Entzun behar genukeen zerbaitena? Edo behar bezala aditzen uzten ez digun zarataren interferentzia? Entzuteko eta soinu izateko gure moduak zuzentzen lagungarri izan daitekeen erreflexio honek, ordea, oraindik erantzun zailagoa duen galdera baten aurrean jartzen gaitu: nork sortzen du zarata?

Alabak ez du zalantzarik izan eta lasai hartu du lo. Nik, ordea, oraindik berogailuari adi jarraitzen dut.

Xabier Erkizia

Leave a Reply