DISKO HUTSAK
December 18th, 20122012ko abenduaren 13an BERRIA egunkariko “Bi ahotsetara” iritzi zutabean agertu bezala:
Ipuinak, nobelak, idatziak orokorrean paperean ezagutu ditugu ehunka urtez. Eta liburu digitalaren inguruko amaigabeko eztabaidek erakusten dute nekez utziko diola literaturak papera erabiltzeari. Oihalek ere margoen pisua eramaten dute oraindik bizkar gainean, eta artelan klasikoaren nahiz margolanaren kontzeptua bera aldatzen doan arren, ia ezinezkoa egiten zaigu oihalik gabeko koadroa nolakoa izan daitekeen imajinatzea ere. Mugitzen diren irudiekin ere, oinarrian hastapenetako baliabideak erabiltzen dira oraindik adierazpide nobleena den zinema erakusteko.
Soinuak bildu eta artxibatzearen praktikaren historia, aldiz, teknologiaren historia da, nahitaez. Soinuak gordetzeko tresnak eta euskarriak sortu zirenetik, aspaldian hainbertze entzun dugun iraungarritasun programatuaren efektua beharbada bertze edozein dokumentu gordetzeko teknologiaren aldean, nabarmena izan da. Are gehiago, soinuak bereziki sufritu ditu teknologiaren joan-etorrien kapritxoak. Gaur da eguna oraindik argizarizko zilindroak eta hauetan grabatutako soinuak nola gorde ere apenas dakiguna, eta pentsa bitartean zenbat euskarri bota izan dugun zaborretara, erabili eta gero: arbelezko diskoak, binilozkoak, zinta magnetikoak —tamaina eta luzera ezberdinetakoak—, aipamen berezia merezi duten kaseteak, DATak, S-VHSak, laserdisc-ak, konpaktuak, minidisc-ak, dvd-audio-ak, superaudiocd-ak eta aro digitalean sartu garenetik beste hainbertze formatu: wav, aiff, mp2, mp3, flac, ogg… denak, arrazoi batengatik edo bertzearengatik, akastunak. Luzea da zerrenda, eta amaigabea euskarri guzti hauen artean artxibatzaileek bateragarritasuna lortzeko egin beharreko saiakerak.
Baina irakurketa interesgarri bat egin dezakegu soinuaren eta teknologiaren historia paralelo honetatik. Azken finean, ez dira musika-lanak, alegia, soinuak eta hauen ezaugarriak, zein teknologia erabili erabaki edo baldintzatu dutenak, aldrebes baizik. Soinu grabatuen historia, paradoxikoa badirudi ere, disko hutsen historia da.
Xabier Erkizia