ZAINDU
December 29th, 20122012ko abenduaren 27an BERRIA egunkariko “Bi ahotsetara” iritzi zutabean agertu bezala:
Kantuak sinboloak dira, sinbologia darie azaletik, arnasetik eta hitzetatik. Gure bizipenei, oroitzapenei eta iruditeriei izerdia ateratzen diete kantuek, edo zehatzago errateko, gure bizipenen, oroitzapenen eta iruditeariaren izerdia dira. Kantuak dira gure moralaren eta ideologiaren izerdia. Barrenak beroegi daudenean tenperatura orekatzeko balio dute eta hotzegi daudenean aldiz, berotzeko. Gure sentimenduen termostato dira kantuak. Horregatik kateatzen gaituzte hain erraz eta horregatik bihurtzen ditugu sinbolo.
Legebiltzarreko parlamentariek elkarrekin euskaraz abestea ere keinu sinbolikoa da, kantatzen duten kantuaren berezko sinbologia gehiago edo guttiago ulertuta ere. Jatorrizko kantuaren izerdi mikatza usaintzen dutenentzat soilik bihurtzen da sakrilegio ulertu gabe kantatzeko ariketa. Baina probokazioaren aurrean, izerdia perfume bihurtzeko arriskua areagotu egiten da, eta nahikoa erraz bihurtzen dugu ukitzen gaituen kantua ereserki. Jakina, gure ikono eta sinboloekin zer egin ikastea ez da lan erraza. Batzuetan, pentsatze hutsak beldurra ematen du, haien atzean zer gorde daitekeen eta gutaz zer kontatzen duten jakiteak beldurtuko bagintu bezala. Aise errazagoa da sinboloak bere hortan onartzea, kantuak ereserki bihurtzea, alegia. Edozein modutara, ez dut uste halako errezeloarekin gordetzen ditugun altxorrak zaintzeko modurik onena inori ukitzen ez uztea denik. Kultura, ez dezagun ahantzi, eskukatzetik bizi da, erabiliz, usatuz egiten da. Eskukatze batzuk, gauza berriak sortzeko balio dezakete eta bertzetan aurreikusteko moduko ideien jarraipen gezak baino ez dizkigute kontatzen. Errespetuak markatzen du aldea. Norberak jasotzen dituen sinbolo horiek berrerabiltzeko orduan gordetzen duen errespetuan, baita norberaren buruarekiko errespetuan ere. Horixe da, hain zuzen, kezkatu behar gaituena. Ez gaitu eskukatzeak beldurtu behar. Moduak dira agerian utzi behar ditugunak, gure izerdiak konplexurik gabe erakusteko. Alegia, maite dugun hori zaintzeko.
Xabier Erkizia