ABIADURA HILEAN

January 11th, 2013

2013ko urtarrilaren 10ean BERRIA egunkariko “Bi ahotsetara” iritzi zutabean agertu bezala:

Myspacea itxi eta facebookeko profila ireki, soundcloudeko debaldeko kontua bete, twitterren eguneko konturen bat bota eta 25 irakurri, bandcampeko bisita kopuruak zaindu… Orain urte gutti, musikariak musika egiteko ardura zuen nagusiki. Orain musika egiteko ez ezik, bertze mila kontu desberdin egiteko moldatu behar du. Hala exijitzen du gaur egungo estandar inposatuak. Abiadura kontua da. Erran dezagun, naturaz edo izaeraz, musika egiteak, sortzeak, denbora neurri klasiko baten beharra duela: denbora bikoitzarena. Egin ahala, behin eta berriz entzutera behartzen gaituena, eta, ondorioz, behin eta berriz egitera. Baina gure garaiotan (turbokapitalismo bezalako hitz zatarrak idazteko tentazioari eutsi ezinean…) inposatzen zaigun eta, dena erran behar bada, itxura batean arazo handirik gabe onartzen dugun abiaduraren kulturak ez du denborarik uzten horretarako. Gure bizitzako fase ia guztiak azkartzeko eta automatizatzeko asmatu eta erabiltzen ditugu teknologiak. Lagungarri zaizkigu lan anitzetan, eta ezer ez diegula zor sinetsita bizi gara. Guk sortu genituelako. Eta ez da hala. Gero eta ageriagoak diren dependentzia sakonak sortzeaz gain, denboraren abiadura markatzen digute. Gure tempoa, erritmoa erabakitzen dute. Noiz garen eta noiz ez garen kontatzen digute beat eta bit bakoitzean, entzun ere egiten ez dugun erritmo kolpe bakoitzean. Hain doaz azkar, zer nahi dugun pentsatzera ere ez garela iristen.

Zenbait pentsalarik hor topatu du gure krisi globalizatuaren jatorria, eta litekeena da arrazoia izatea. Abiadura ulertzeko eta kontrolpean jartzeko pentsamolde berriak martxan jartzeko behar urgentea aipatzen du Paul Viriliok. Sortu eta bulkatzen dugun abiadura horren albo kalteak edo albo mesedeak ulertzen lagunduko digun pentsamendua. Musikaren denboren bikoiztasun berezia gogorarazi dit. Gal dezakegun hori. Entzun gabe musika egitea bezala litzateke. Abiadura bizian. Denborarik eta espaziorik gabeko musika. Ez-musika.

Xabier Erkizia

Leave a Reply