SINKRO 07
February 14th, 2007[gaur BERRIA egunkarian]
Esperimentazioa eta musika elektroakustikoa Sinkro jaialdian
Bost kontzertu eta bi hitzaldi egingo dira Gasteizen, bihar hasita; Rie Watanabe artista ariko da
Soinu esperimentazioan diharduten laborategi eta estudioen bilgunea da Gasteizko Sinkro jaialdia. Espacio Sinkro Gasteizko artista interpretatzaile eta konpositore taldeak, eta Jesus Guridi musika kontserbatorioko Musika Elektroakustikako Laborategiak antolatzen dute jaialdia. Bihar hasi eta hilaren 27ra bitartean iraungo du.
Akusma argi eta soinu ikuskizunak zabalduko du jaialdia bihar (20:00etan) Jesus Guridi musika kontserbatorioko areto nagusian. emanaldiaren aurretik, ikus-entzuleek euren musika aukeraketarekin esperimentatu ahal izango dute, 10 soinu kanal aldi berean kontrola ditzakeen sistema berezi bat erabiliz.
Bigarren kontzertuak Soinuan Barna izena izango du eta hilaren 19an izango da, Ingeneritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan (EHU). Baliabide elektroniko eta informatikoek eskaintzen dituzten espresio bideetan egindako bidaia proposatuko dute.
Rie Watanabe artista japoniarrak eskainiko du hirugarren kontzertua, hilaren 22an (20:15), kontserbatorioko areto nagusian. Perkusioa eta elektronikaren arteko esperimentazioa landuz, egungo konpositoreekin elkarlanean sortutako lana aurkeztuko du. Kontzertu horren aurretik, Juan Jose Eslava konposatzaileak Parisen eta Japonian egiten dituen soinuaren gaineko ikerketei buruzko hitzaldia emango du.
Michelle Man And Friends dantza garaikideko konpainiak bere ikuskizun berria aurkeztuko du Artium Museoan, hilaren 24an. Michelle Mann koreografo ingelesak zuzentzen du Madrilen kokaturik dagoen konpainia hori. Arkitektura, mugimendua, bideoa eta elektroakustikaren arteko harremanari buruzko esperimentazio eta ikerketan dago oinarriturik ikuskizun berria.
Ensemble Espacio Sinkro eta Musika Elektroakustikoko Laborategiak eskainiko dute jaialdiko azken kontzertua, hilaren 27an, Kontserbatorioko auditoriumean. Jaialdiaren 20. urtemuga ospatzeko asmoz ikuskizun multimedia aurkeztuko dute.