ERRETXINA
April 3rd, 20132013ko martxoaren 21ean BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:
Urtetan ez dut ulertu ni baino zaharragoei zergatik ez zitzaien gustatzen musikari gazteagoon musika, gure musika. Zahartzen joan naizen heinean ulertu dut dena». Aspaldi xamar irakurri nizkion hitzok musikari bati. Orduan ez nituen guztiz ulertu baina orain ederki sufritzen ditut. Berez, ez dute ulertzeko zaila den ezer. Ez dira hitz ulergaitzak. Itxura batean hain sinplea dirudien esaldiaren atzean gordetzen den egia tristea da momentu hartan bere osotasunean ulertu ez nuena.
Zorionez edo zoritxarrez, denborak nigan ere arrastoak eta zauriak utzi ditu. Uzten dizkit, egunero. Denoi bezala. Zahartzen goazen neurrian oroitzapenak erretxina bezala lotzen zaizkigu barrengo pareta, sabai eta zoruetan. Erremediorik gabe. Eta konturatzerako, hankak zanpatu ditugun zoletan atxikita geratzeko arriskua areagotu egiten da.
Aste honetan, 80ko zera (ez naiz saiatu ere egingo garai, aro, belaunaldi, mugimendu bezalako hitzen artean egokiena topatzen) mitiko hura bizi izan zuen musikaria entzun dut gaur egungo musika gutxiesten. Eskertzekoa da jarrera kritikoa, ez, ordea, erretxina. Ez paretetakoa, bertzea baizik: munduak jada erremediorik ez balu bezala, inolako autokritikarik egin gabe eta nostalgia ukatu batetik hitz egitea. Aste berean, 90eko euskal artearen protagonista nagusi izandako bati antzeko zer edo zer entzun diot. Ez hain erretxinduta, baina bai nostalgia ezkorretik solasean.
Krisiaren albo kalte psikologikoen ondorio izan daitekeela pentsatu dut lehenbizi. Bertzerik gabe, egia izan daitekeela, gero. Baina benetan kezka eragiten didana jarrera horien ondorioa da. Izandako garaiak beti dira originalak, autentikoak, benetakoak. Garaian garaikoak, aldiz, sekula ez. Denborarekin, direnak izandako haien itzal baino ez ditugu bihurtzen. Eta etorriko direnak…. tira, hobe bakean uztea.
Bizilegea dirudi. Zizeron zaharrak erran bezala, historia errepikatzera kondenatuta gaude. Gure erretxinetan atxikitzera. Eta zaharrei aurpegiratzen diegun bezala, erretxinduta bizitzera.
Xabier Erkizia