hitzONTZIa: testu laborategia

March 17th, 2007

KORRIKA KULTURALA:

Mikelazuloren “hitzONTZIa: testu laborategia”
hiru poema luze eta antzezlan labur bi

Mikelazulo kultur elkarteak ikuskizun berria aurkeztuko du martxoaren 20an
20:30etan Errenteria/Oreretako Xenpelar Etxean
, KORRIKA KULTURALArekin bat eginez (martxoaren 24an pasako da KORRIKA Oreretatik). Ekitaldi hau Errenteriako Udaleko euskara zerbitzuaren laguntzaz antolatuko da.

“hitzONTZIa: testu laborategia” proiektu honen bidez testu ezezagunen irakurketa dramatizatuak eskainiko dira batipat. Proiektu honen helburua da jendearen etxeko kaxoietan ahazturik egon daitezkeen testuak argira ateratzea, eta publikoaren aurrean haiekin esperimentatzea.
Martxoaren 20an eskainiko den ekitaldian honako lan hauek irakurriko dira:

“Leihoa”: (egunerokotasunari loturiko drama hiru eskenatan).
Ahotsak: Iker Fernandez eta Bego Hernandez.
Taularatze diseinua: Idoia Beratarbide
Testua: Oier Guillan
Zuzendaritza: Mikelazulo

“2 ahots”: (absurduaren mugetan kokatutako testua).
Ahotsak: Urtzi Urkizu eta Oier Guillan
Testua: Oier Guillan
Zuzendaritza: Mikelazulo

3 poema luzeak:
Ahotsak eta testuak: Iker Fernandez eta Oier Guillan
Musika: Oier Iruretagoiena “Tüsuri”

Proiektu hau Mikelazulo kultur elkarteak irailetik burutzen ari den PIEZAKekimenaren testuinguruan kokatzen da. PIEZAK ekimenaren bidez sormen arloezberdinen arteko esperimentazioari irekitzen zaio bidea, hilero azken ostiraletan eskaintzen diren emanaldi irekien bidez. Bertan publikoak hainbat ikuskizunen zirriborroak ikusteko parada du, eta baita haiek sortzaileekin komentatuz solasean egoteko ere.

Informazio gehiagorako:
Mikelazulo k.e.: 943 517002/679977276
mikelazulo@hotmail.com
emanaldiaren hasierako testua:
EZERTARAKO BALIO EZ DUEN MANIFESTUA

Ezertarako balio ez duten gauzak aldarrikatu nahi ditugu gaur
ezertarako balio ez duten poemak
ezertarako balio ez duten teatro testuak
ezertarako balio ez duten hitzak
askoren ustez, ezertarako balio ez duten hizkuntzak ere

ezertarako balio ez duten keinuak igoko ditugu gaur taula gainera

zergatik baina?
azken batean
zuetako bakoitzak emanaldi honen ostean
etxerako bidea hartuko baitu gaur:
ezertarako balio ez duten liburuak irakurtzera
ezertarako balio ez duten fereken bila
hitzen bila
irribarreen bila
hartuko du bakoitzak etxerako bidea.

ezertarako balio ez duten gauzekin osatzen delako
batez ere bizitza. agian.
ezertarako balio ez duten gauzak direlako, hain zuzen ere,
denborarekin oroitzen ditugunak. agian.

zergatik galdu denbora ezertarako balio ez duten gauzak egiten
poemak idazten
teatro lanak irakurtzen
zergatik xahutu indarrak ezertarako balio ez duten
uneak sortzen

ez bada
bizitzeko beharrezkoak ditugulako

ezertarako balio ez duten gauzak aldarrikatu nahi ditugu gaur
gaur egun nagusitzen den balio eskalan
errentagarriak ez izateak
definitzen dituelako batez ere
ezertarako balio ez duten gauzak
gatoz gaur
haiek aldarrikatzera

Leave a Reply