OVERSHARING (3)
May 21st, 2013
2013ko maiatzaren 2an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:
Flashmob, lipdub eta antzeko bertzelako asmakizunei buruz ari naiz. Onartuta, ez dudala sekula halako batean parte hartu. Tira, erran dezadan behingoz, ez dut sekula halakoetan parte hartu, ez dudalako sekula haietan sinetsi. Ezin dut saihestu. 90eko hamarkadako telebistako anuntzioen antza hartzen diet. Zehazki zergatik jakin gabe, oraindik gogoan ditugun Villarriba eta Villabajo prefabrikatu haietako besta herrikoien antza hartzen diet.
Uler dezaket errebindikazio kolektiboren bat egiteko orduan tresna erabilgarriak izan daitezkeela. Uler dezaket talde sentimendua indartzeko ekintza baliagarriak izan daitezkeela. Baina ezin diet sinesgarritasunik eman. Ezkerreko nahiz eskuineko alderdi politikoek, gobernuz kanpoko erakundeek edo gurin konpainiek modu berean erabiltzen dituztela jakiteak ez die sinesgarritasuna irabazten laguntzen. Orokorrean, masaren parte sentitzea, norbera baino handiagoa den bertze zerbait boteretsuaren parte sentitzea baino ez dutela bilatzen iruditzen zait. Gazteleraz komunioa deitzen diote sentipen horri. Elizan bezala.
Musikak eta musikariek aunitz dakite komunioei buruz. Bai jaunartzeko banketetan musika jotzetik edo jartzetik bizi direnek, baita musika satanistak egiten dituztenek ere. Azken hauek seguruaski inork baino gehiago, elizari kontra egin ustetan haien sinbologia eta erritual berak erabiltzen baitituzte. Buruz behera, baina berdinak.
Errituala. Komunio partekatua. Sortu bezala desagertzen den behin-behineko gutasun flasha. Indartsua eta eraginkorra. Batzuetan nahi gabe edo intuizioz, bertzetan interes jakin batzuk jarraituz, arau edo behar bihurtzen dugun ekintza. Musikarekin gehiegi komunikatzen denean, gehiegi partekatzen denean, inork ez daki masa noraino irits daitekeen. Errituala makina bihurtzen da. Masak ez duenean komunikatzen berriz, frakaso kolektiboa aipatzen dugu. Musikak ez du hori baino gauza ederragorik, eta aldi berean beldurgarriagorik.
Xabier Erkizia