BENE-BENETAKOA
June 12th, 20132013ko ekainaren 6an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:
Irrati esataria entzun dut musikari elektronikoa, edo zehatzago, tresna elektronikoekin lan egiten duen musikaria epaitzen. Gaztea izan arren, konpositore eta interprete bikaina omen da musikaria, baina baita ekoizle berezia ere. Baina. Eta baina hori arrazoitzeko pista ere eman du, ordenagailuarekin musika egitea nolabaiteko tranpa izan daitekeela iradokiz, benetakotasunaren agiria aurkeztuz. Kantu berbera, musikari berbera, baina oraingoan zuzenean.
Beharbada, irratiak egin ohi (eta egin behar) duen pedagogia ariketa bat gehiago baino ez da. Aurreiritziak gainditzeko pedagogia. Edo oraindik gainditu gabeko topiko aspergarrietara kateatuta gaudela baieztatzen duen arrastoa. Edonola ere, musikaren eta benetakotasunaren susmoa bizirik dagoela oroitarazi dit. Hamarkadak joan dira tresna elektronikoak zuzenean nahiz estudioan erabiltzen hasi ginenetik, eta, hala ere, oraindik ere susmoa pizten digu musika zuzen-zuzenean (bene-benetan? benetako zuzenean?) edo agerian egiten ez duen musikariak. Artisauaren edo eskulangilearen irudia, musikaren kasuan bertutetsuarena, errezelo handiz zaintzen eta gordetzen dugu. Sakrifizioa, pasioa eta epika onartzen dizkiogu. Benetakotasuna. Musikari elektroniko gizagaixoek ordea (Jean-Michel Jarrek izan ezik), beren bertuteak erakusteko arazoak dituzte. Jakina, ez dira gauza bera gitarra edo bateria solo epikoak, eta klik, fader edo botoien koreografia lotsatiak. Izerdi kontua izango da. Izerditzen duen musikariak izerditzen ez duen bati sekula onartuko ez diogun aura du. Fokuek, gainera, beti eman dute ongi izerdiarekin eta aurarekin. Eta fokuen azpian futbola, zirku erromatarra edo makrokontzertu erraldoia ez dira hain desberdinak ere. Ez dira alferrik gertatzen denak estadiotan.
Lagun batek bidalitako komiki zahar bateko zinta batean Batman eta Robin elkarrekin borrokan ageri dira. Robinek dio: «Musikari hoberenak bertutetsu super-azkarrak eta…» Batmanek, belarrondoko bat emanez, erantzuten dio: «Musika artea da, ez kirola».
Xabier Erkizia