BELDURRA
August 1st, 20132013ko uztailaren 18an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:
Ez al dituzu entzuten zaldien irrintziak, klarinen soinuak eta danborren zalapartak?», galdetu zion Kixotek. «Ez dut ardien eta aharien beeak ez diren bertze ezer entzuten», erantzun laguntzaileak. «Santxo, barrenean duzun beldurrak, ez dizu uzten ez zuzen ikusten, ez entzuten».
Beldurra, iluna, galera, ezezaguna, ikusezina… denak dira nahitaez gure entzumenaren ertzak erakusten dizkiguten baldintzak, hari estuki lotutako sentipenak. Arazoa, ordea, beldur horiek guztiak pantailatik eta entzungailuetatik atera eta gure eguneroko bizitzara eramaten ditugunean sortzen da. Film bateko eszena edo musika konposizio bateko pasartea entzuteak baino, laneko nagusiaren edo ogasuneko funtzionarioaren telefono deiak, kontrolean keinu larriz geratu gaituen Poliziaren ahotsak eta, bereziki, bikotekideak edo maitaleak zer errango beldurrez bizi garenean.
Fikzioaren bidez onartu eta indartu ditugun beldurrak ez dira ezer fikziorik gabeko soinuen aldean. Nahiaren eta beharraren arteko muga irristakor horien artean dantza egiten entzuten dugulako oraindik sentitzen dugu beldurra. Mendeku gisara. Semea galdu zuen aita ari da solasean telebistan. Ezinean. Urte gutti batzuk besterik ez dira pasatu semea hil zion gaztea epaitu zutenetik, eta oraindik ezin dio barkatu egindakoa. Egunero zoriona bortizki ebasten dion ezintasunetik eta gorrototik hizketan, begiak blai eginda kontatzen dio kazetariari, justiziak benetan behar bezala funtzionatuko balu pertsona bati bizia kentzen dionak ez lukeela bere bizitzaz gozatzeko eskubiderik eduki behar. Bertze bati bizitza ebasten dionak bizi osorako zigorra, kondena, jaso behar lukeela errepikatzen du. Usteldu dadila kartzelan!, dio, gorrotoz beteta, begirada makurtuz kamerari ihes egiten dion bitartean. Negarrari eutsi ezinean, bat-batean burua biratu eta jarraitu du: Edo okerrago oraindik, ken diezaizkiotela zentzu guztiak, entzumena izan ezik. Beldurra senti dezala soilik. Hori merezi dute hiltzaile guztiek.
Xabier Erkizia