UDAN ENTZUNDAKOAK

October 3rd, 2013

201307051113-full

2013ko urriaren 3an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:

Baionako bestetako egitarauan, abuztu ez hain urrun hartan, DJak ikusteko parada egon zela irakurri nuen. Musikariak eta kontzertuak ikustearekin nahikoa ez, eta DJak ikusteko aukera paregabea ere eskaintzen digute gure herri eta hirietako agertokiek. Jakina da DJak beti izan direla musikariak baino ikusgarriagoak, ikustekoak, pulamentuzko paradak egiteko modukoak. Akaso horregatik dira musikariak baino gehiago. Laster musika aukeratzaile profesional gehiago egongo da musika egile baino. Laster musikariak ikusteko parada eskainiko dute… museoek.

Bestetako barraketako DJak ez dira ikusten, ez daude bestetako egitarauan, baina ez da haiek gabeko bestarik. Ezinbertzekoak dira eta badakite. Beharbada horregatik dira hain gupidagabeak. Autotxokeetako kontrolistei beren mp3 erreproduktore-batidorak 30 segundoro ukitzea debekatzen dien legea asmatu beharko luke gobernu edo erakunderen batek. Autoek txokeak adina interruptus dituzte barraketako musika aukeratzaileek. Youtube sindromea, baina eskala errealean.

Berdin erakunde publiko, konpainia pribatu edo dena delakotan ere, uda da, jazz, rock edo folk jaialdiez gain, telefonoetako itxaroteko musiken festibalen sasoia. Urte osoan ez dira pilatzen udan hainbertze itxaroteko musika. Harrigarriena, ordea, euren arteko antzekotasun maila da. Aukeratutako estiloen gainetik, nola demontre asmatzen duten beti entzule behartua bere onetik ateratzeko. Nor ote da gure itxaroteko momentuak alaitzen dizkigun DJ anonimo sakrifikatua? (Bere) zorionerako ikusteko paradarik ez duguna?

Aseguru etxe ezagun batek kazetaria bidali du udan hilabete batez Europa osoan zehar. Helburua, Europako soinuak biltzea. Bildu beharreko soinuak, ordea, ez ditu kazetariak berak erabaki, ezta haren belarriek edo irizpide profesionalek ere. Ez ditu aukeratu soinu paisaian jakintza edo ezagutza duen jakintsuen komite sekretu batek, internautek baizik. Baina internautek ez dute grabatzen, aunitzek ez du entzun ere egiten, soilik pintxatu egiten dute.

Xabier Erkizia

Leave a Reply