ITZULI PARABOLARA
October 18th, 20132013ko urriaren 17aan BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:
Inpostatua, metalizatua, robot batena bezalakoa». Horrela definitu zuen joan den astean ahots grabatua Anjel Lertxundik. «Badakizu zurea dela, baina ez zaizu zurea iruditzen», idatzi zuen, eta «horregatik da mirari bat ahots propioak aurkitzea» zehatz batekin bukatu bere zutabea.
Mendeak pasa dira ahotsak hitz bihurtu zirenetik. Mendeak, ordu arte dardaratiak ziren ahots guztiak inpostatuta, entintantuta, makina arrazional batek bezala idatzita ageri zaizkigunetik. Badakigu gureak direla. Badakigu guri hitz egiten digutela eta guri buruz ari direla. Baina mendeak pasa diren arren, ez zaizkigu oraindik guztiz gureak iruditzen.
Entzuleak, grabatutako bere ahotsarekin hartzen duen distantzia prudentziala ez da irakurleak berak idatzitakotik hartzen duena baino handiagoa. Ez batek ez bertzeak ez dute zertan barrutik irtendakoak izan; barrutik irten direla irudikatzearekin nahikoa dute. Inpostazioak dira biak. Maskarak. Alde bakarra dago: mendeen poderioz inpostazio bat onartu dugu; bertzea oraindik, berriago izaki, ez guztiz.
Idazlearen ahotsa aipatzen denean, inork ez du tekleatzen duenaren ahots dardaratian pentsatzen. Idazleak mekanikoki (mekanografikoki) antolatutako hitzen zirrikituetatik ihes egiten duten soinu iradokitzaileei buruz ari garela ulertzen dugu. Musika ez dago hitzetan, hitzak eta haien amaigabeko konbinazioak sortzeko gai diren soinuetan baizik. Beren ustezko zurruntasun inprimatu eta mututasun arautu, zuzendu eta orraztuan, soinu eta ahots anitz gordetzeko gai dira hitzak. Baina haiek irakurtzeko gai den entzule, barkatu, irakurle egokirik gabe mutu izaten jarraituko dute. Antzeko zer edo zer gertatzen da grabagailuetan inprimatuta geratzen diren ahotsekin.
Palabra hitzaren jatorri etimologikoa grekozko Parabole hitzean dagoela irakurri diot hizkuntzalari bati. Para=ondoan, alboan; ballo=bota, jaurti. Alegia, alderatu. Palabretan parabolak topatzea da sekretua. Horregatik da mirari bat belarri propioak aurkitzea.
Xabier Erkizia