ITZULI MESEDEZ

November 1st, 2013

2013ko urriaren 31an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:

Guztiz fenomeno gizatiarra omen da. Krisi garaietan, iraganaren nostalgia zabaltzen omen da gizartean birus kutsakor bat bezala. Memoriaren botikinean espresuki eta estrategikoki gordeak ditugun oroitzapenak berreskuratu, izan ginen haren irudi idiliko bat eraiki, eta orainaldi petralari ihes egiteko babestokiak asmatzen ditugu. Egia da batzuetan aterpe horiek ez direla luzerako baliagarri izaten, baina bertzetan porlanezko bunker itxiak bihurtzen dira. Airerik pasatzen utzi ez, eta mikro-errealitate birtual arriskutsuak sortzen dituzte. Halakoak sortzeko tresna bikaina da musika. Bat sartzen da kantu batean, eta bat-batean kantua bere egiten du, kantuaren hitzak zehaztasun handiz bere bizitzari buruz ari direla sinesten du, eta konturatu gabe kantuaren benetako jatorriaren gainetik salto eginez, norberaren iruditeriaren aldarean kokatzen du, goiz edo berandu bertze kantu batzuen azpian gera daitekeela ahantzita.

Gustatu zait azken hilabeteotan ETB1eko asteazken gabeko musika saioak ikustea. Ez hainbertze saioak (gustu kontuak), baina bai Tumatxak eta Zai zoi bele jarraian ikustea. Aitzinetik Ez dok amairu eta RRV gaindosiak ekiditeko partxeak paratuta, jakina. Saio bakoitzak proposatzen dituen ariketa eta jolas estetikoen gainetik, gustatu zait gau berean aurkezle bat Benito Lertxundi euskal kantagintzaren mito dela konbentzitzen saiatzen ikustea, eta ondotik JosAnton Artze gure txalaparta «milenarioa» ia-ia beraiek —eta nagusiki arrazoi estetikoengatik— asmatu zutela entzutea. Hor dago aldea. Euskal iruditeria mitologikoaren sinbolo bati xarma kentzeko batere beldurrik gabe, Artzeren hitzetan topa litekeen normaltasunetik, Gurrutxagak mitoak sortzeko duen beharrak gidaturiko fanatismo insistentearen arteko bidean galtzen dira gure belarrietako nostalgiak.

Mitoek ez digute inoiz kontatzen zer izan ginen. Mitoek zer izan nahi dugun oroitarazten digute. Gure buruaren nostalgiaz ari dira. Eta kontuz, adi entzunez gero, gure gezur guztiak ere kontatzen dizkigute.

Xabier Erkizia

Leave a Reply