EGUBERRIETAN ENTZUNDAKOAK

January 10th, 2014

baby_einstein_take_along_tunes_toy_1
BERRIA egunkariko A CAPELLA zutabean 2014/01/9an argitaratu bezala

Eguberria ospakizun zaratatsua izan ohi da: isiltasunean egotea komeni zaigu, maitasunaren ahotsa entzun ahal izateko». Jorge Mario Bergoglio edo Frantzisko aita santuak Eguberrien bezperan egindako gomendioa. Eliza katolikoaren megafonia goren eta ondorioz ozenenetik kontsumismoak eragindako zarata kontrolpean edukitzeko munduari zabaldutako agindua.

Munduko denda handienak Eguberrietan gehien saldu duen jostailuak Baby Einstein/ Take Along Tunes du izena. Etxe hagitz ezagun batek komertzializatu du, eta oinarrian ume jaioberrientzako musika erreproduzigailu bat baino ez da, txintxirrin garaikidea, alegia. Baina informatika etxe ezagun baten musika erreproduzigailu hagitz ezagunaren antz susmagarria du. Mundu osoko milioika gurasok erosi dute Eguberriotan.

Entzumen urriko pertsonak biltzen dituen Clave elkarteak abisua eman du: MOEren arabera, munduko bigarren herrialde zaratatsuena izateaz gain, jostailu ekoizpenari eskainitako industria handienetakoa du Espainiak, eta Europako Batasunak ezarritako irizpideak gainditzen dituzten jostailuak ekoizten dira.

Bertze eliz gizon bati Eguberriotan entzundakoa: «Onurak ez du zaratarik egiten, eta zaratak ez digu onurarik ekartzen. Musikak, ordea, bai. Horregatik, goza dezagun Eguberrien musika, goza ditzagun Eguberri kantuak baina ez dezagun zaratarik egin. Eguberrietako mezua entzuteko isildu behar dugu».

Sight & Hearing elkarte estatubatuarrakko lehen postuan ezarri du Take Along Tunes soinuzkoa. Salduena. Hiru hilabeteko umeentzat izan arren, 115 dezibelioko soinu intentsitatea sortzera iristen da.

«Si fas massa soroll, carbo?, carbo?!! (zarata gehiegi egiten baldin baduzu, ikatza, ikatza!! )» entzun genien kantari Errege magoen desfile erraldoian (espresuki eta era nabarmen espontsorizatuan) parte hartu zuten pajeei Bartzelonan. Aurrean, desfileari begira aho zabalik zeuden umeak instintiboki belarriak tapatzen ikusi nituen.

Horrela egiten dute soinu Eguberriek.

Xabier Erkizia

1457742_10151739666986073_786151616_n

Leave a Reply