ITZULI GUSTUA
February 12th, 2014BERRIA egunkariko A CAPELLA zutabean 2014/02/06an argitaratu bezala
Gustatzea garrantzitsua da. Kontrakoa dioena gezurretan ari da. Animalia sozialak gara, eta bertzeei gustatzea beharrezko dugu bi aldeetarako: animalienetarako eta sozialetarako. Jakina, maila desberdinak daude, eta nahi adina gustu. Musikarien artean ere bai.
Baliteke gustatzeko beharra muturrekoa izatea, alegia, miloika entzuleren gustukoa bihurtzea helburu. Hala balitz, zenbait erabaki latz eta garrantzitsu hartu beharko ditu musikariak, baita musika egiten hasi baino lehen ere. Benetan egin nahiko lukeen musika bera sakrifikatzea egon daiteke erabaki horien artean. Ze, badira musika ez egiteagatik soldata jaso izan duten artistak.
Baliteke miloika baino, milaka entzule lortzearekin konformatzea. Sakrifizio maila beharbada txikiagoa izango da horientzat, irabazien araberakoa, baina beti izango da sakrifizio. Zein gehiengoren gustuko izan nahi duzun jakitean dago gakoa. Eta hor, geografiak eta hizkuntzak, adibidez, baldintza bihurtzen hasten dira.
Baliteke musikariaren desioa apalagoa izatea, eta ehunka batzuk, akaso milaka gutxi batzuk izatea amets. Kasu horretan, bertze estrategia batzuk erabili beharko ditu. Seguruenik musika estilo jakin bat aukeratu eta estilo haren eta bere merkatuaren (minuskuloaren) arauen arabera jokatu beharko du. Tribu guztiek izan ohi dituzte euren arauak, salbuespenik gabe.
Baina eman dezagun musikariak oraindik entzuleria txikiagoa, espezializatuagoa, bakanagoa, aukeratuagoa bilatzen duela. Ze, badira ez gustatzen fuerte saiatzen diren musikariak ere. Eta horrek ez du gustatzea baino errazagoa izan behar. Itxura batean askatasuna dirudiena erraz bilakatzen da kate.
Hurbiltasuna, konexioa, bat-egitea, karisma, enpatia, energia… Musikariek euren gustatzeak deskribatzeko etengabe erabiltzen dituzten hitzak dira. Eta mesedez, ez dadila inor saiatu magiarik kentzen gustu mota horiei. Musikariek beren musika eta irudia gustuko dutela jakitea ez da arazoa, entzuleek hain gustuko izatea ere ez. Arazoa da ez jakitea zergatik.
Xabier Erkizia