ITZULI BIKAINTASUNERA

February 25th, 2014

BERRIA egunkariko A CAPELLA zutabean 2014/02/20an argitaratu bezala

“Musikaren bikaintasunaren izenean”. Hitzokin hasi zuen orkestra musikariak musika klasikoarentzako diru laguntzen murrizketen harira egindako erreibindikazioa. Eskaeren mamian sartu beharrik gabe, ez ahanzteko moduko mezuaren itxura hartzen du belarrira. Ez dezagun ahantzi: oraindik badira musikaren bikaintasuna gordetzeko ardura duten erakunde eta pertsonak.

Erakunde horietako bat izango da BBVA, eta bereziki entitate horrek bikaintasunaren izenean urtero artista bati eman ohi dion sari mardula. Gobernuek nahiz erakunde finantzarioek onartu ez arren, berriki erreskatatua izan den herrialde bateko banketxe horrek, mundu osoko sari ekonomikorik mamitsuena ematen dio urtero musika konpositore bati. Musikaren bikaintasunaren izenean, horrek ere. Horrela jaso izan dituzte ehunka milaka euroko sariak Cristobal Hafftlerek (Espainia), Helmut Lachenmannek (Alemania), Pierre Boulezek (Frantzia) eta aurten Steve Reichek (AEB). Herrialdeak aipatzea ere, ez da debaldekoa.

Baina bikaintasuna bereizgarri edo etiketa gisa (eta ez soilik zentzu sailkatzailean, baizik protokolozkoan) behar duen erakundeak arazo larri bati egin behar dio aurre nahi eta nahi ez. Legitimatzea behar du. Orkestra sinfonikoak, erraterako, bere baitan duen bikaintasuna mantentzeak suposatzen duen kostu ekonomikoa justifikatzeko behar du legitimatzea. Entitate finantzarioak berriz, ez soilik musikari sarituek, baizik eta erakundeak berak «gizadiari egiten dion ekarpena» adierazteko. Denak dirudi justifikagarria bikaintasunaren izenean. Inork zehazki zer den jakin gabe denok ulertzen eta onartzen dugun zera abstraktu baina garesti horren izenean.

Ez dut oraindik ulertu zer lotura duen horrek guztiak musikarekin, baina susmoa badut musikariek baino gehiago erakundeek dutela bikaintasunaren beharra. Azken finean, ez al dira ba banketxeak garai hauetako kontserbatorio ofizialak? Bikaintasuna, behintzat, abstraktua, garestia eta legitimoa, eurena da. Aspaldi erosi zuten.

Xabier Erkizia

Leave a Reply