ITZULI ILARARA

April 3rd, 2014

BERRIA egunkariko A CAPELLA zutabean 2014/03/20an argitaratu bezala

Museoko atarian jende ilara luzeak osatu zirela diote. Bakarren batzuk negozioa ere egin omen zuten, ilaran denborarik galdu nahi ez zuten exekutibo pribilegiatuei ikuskizunaz gozatzeko aulki erosoa gordetzearen truke. Ezohiko espektatiba sortu zuen Erlojuak jendaurrean lehen aldiz erakutsi zutenean New Yorken. Ezohikoa, txakur loratu itxura ez duen arte lan garaikide batentzat.

Ez dugula ulertzen erraten digute, eta aunitzetan, zehazki zergatik jakin gabe, ez dutela guk ulertzerik nahi sentitzen dugu. Itzuli ilarara, mesedez. Azkarrago ikasten dugu Triptikoarengatik zenbat miloi ordaindu dituzten enkantean, Francis Baconi, edo hain garesti saldu duten margolanaren ezaugarriei buruz baino. Halakoa da arte garaikidearekiko adostu dugun harreman bitxia. Gehiago dakigu hari buruz zer dioten, hari buruz baino.

2007an ikusi nuen azken aldiz Christian Marclayren lan bat Euskal Herrian. Museo garaikide izateko jaio eta azkenean Kaaba ahantziaren itxura hartu zuen Uharteko zentroan erakutsi zuten haren Crossfire ikus-entzunezko lana. Han ez zen ilararik, ezta exekutiborik ere. Han ez zen inor. Bolborazko segundoak bailiran, Marclayren instalazioaren tiro hotsen oihartzuna bertzerik ez zen entzuten museo hutsean.

2002an ikusi nuen lehen aldiz Guitar drag, Artelekuko liburutegiko bideo sailean. Han ere ez zen ilararik. Bideo hartan, Marclayk, soinu-anplifikadore bati konektatutako gitarra elektrikoa lotu zion autoaren atzealdeko paratxokeari. Autoa martxan jarri eta arrastaka eraman zuen. Irudiak zentimetroro gastatuz doan gitarra erakusten du. Altabozek berriz segundoro gastatuz doan musika. Biak arrastaka. Balio du Bilboko Guggenheimek espero duen ezohiko erromesaldi ikusgarriaren metafora gisara. Jendea arrastaka, ilaran, bere momentuan gastatuak izan ziren segundoen oihartzunak erakusten dituen artelan erraldoia ikustera. Dohain. Ezer ulertu beharrik gabe.

Denbora ere artearen antzera bizi dugu: gehiago dakigu hari buruz zer dioten, hari buruz baino.

Xabier Erkizia

Leave a Reply