HONAINO

March 13th, 2015

itxita-760x280

Heldu den udazkenean beteko zituen blog honek 10 urte. 2005eko urrian, Artelekun 2003an sortu zen AUDIOLAB sailak Euskal herrian zehar martxan jarri ziren edo martxan zeuden musika esperimentalei eskainitako hainbat egitasmoren berri emateko leiho bezala abiatu zen eta denbora guzti horretan, dinamika desberdinak eta lan-talde desberdinekin helburu hori betetzen saiatu da. Denetara 2.500 iruzkin, berri, jakinarazpen, informazio, elkarrizketa etabar bildu ditu blog honek. Honaino.
Hilabete batzuk pasa dira honezkero blog honen eta orokorrean AUDIOLAB elkartearentzako aterki gisakoa izan den Arteleku zentrua egitasmo bezala desagertu zenetik. Kalostrak hartu dio txanda Artelekuri eta egitasmo berriak ez du aurreikusten AUDIOLAB egitarauaren jarraipena, eta ondorioz blog honen jarraipena ere. Hartara, bide berriak abiatu ditu AUDIOLAB elkarteak proiektu gisara, laister, espero dugu, emaitza berriak eskaintzeko modua emango duena.
AUDIOLAB osatzen dugunok bide berri horietan sakondu ahal izateko eta lehenaldian kateatuta ez geratzeko, orain arte mantendu ditugun zenbait egitasmo behin-betiko ixtea behar beharrezkoa dela uste dugu. Hain zuzen, blog honen itxiera pausu garrantzitsu bat da bide berri hortan, bai guri dagokigunean, baita ARTELEKU izan zenaren izenean. Eta itxiera honi jarraituko diote beste batzuk ere. Halaere, blogak hainbeste dokumentaziok eskaini dezaken informazioaz (kontsultarako, memoria kolektiboa…) jakitun izanik, hurrengo hilabetetan artxibo guzti hau, eta denbora hontan jorratu ditugun beste artxibo batzuk behar bezala gordetzeko ahalegina egingo dugu.

Hemendik aitzinera, AUDIOLABek antolatzen dituen ekitaldien berri izateko www.audio-lab.org webgunea baliatuko dugu.

Ezin agurtu, blog honek funtzionatzeko bere hastapenetik bizitzeko beharrezkoak izan dituen pertsonak kontutan hartu gabe. Milesker Oier Iruretagoiena (erredakzioa), Mikel R. Nieto (erredakzioa), Quimi Gáñez (diseinua), Ti-ta-net eta Xavier Balderas (programazioa), Luca Rullo (zerbitzari lanak), Catherine Luro (informatzailea), Miren Eraso (mediateka), Santi Eraso, Kepa Landa, Ana Salaberria, Myriam Anitua eta Esther Larrañaga (zuzendaritza) eta Artelekuren baitan lagun izan ditugun hainbertze langile (Amalur Gaztañaga, Dani Artamendi, Mikel Arbiza, Maren Iturburu, Larraitz Mendizuri eta bereziki Natalia Barberia eta Maitane Otaegi).

Bide berrietan zarata berriak entzuten topo egingo dugulakoan, zuri ere irakurle, milesker.

Laister arte,

Xabier Erkiziak AUDIOLAB elkartearen izenean

Leave a Reply