Txirula, ttunttuna, joareak, alboka, idi-apustua…diska honek jasotzen dituen instrumentu eta soinuen zerrenda ikusita, aise esan genezake tradiziotik abiatzen den lana dela, eta hori jakiteak, diska entzun aurretik, tradizioa nondik eta nola heldu dutenaren zalantza sortzen du dagoeneko. Baina entzun ondotik(eta eurak ere zerbait ezagututa) atera daitekeen ondorioa da, txirula eta ttunttunekin badabiltza, ez dela txikitatik eskuartean instrumentu hauekin ibili direlako baino, eta ez tradizioarekin lan egiteko helburu edo ideia aurrez pentsaturik zutelako. “Natural” atera zaie. Eta esango nuke, juxtu horregatik, ez dela erortzen ez tradizioaren erabilera doakoetan, ez erabilera erromantikoegietan ere. Badakite zertaz eta nola ari diren. Eta emaitza, ezer bada, oso freskoa da.
Entzunaldi batzuk egin ondotik, goraipatzekoa da hasieratik bukaerarainoko gordintasuna. Soinu aldetik duen gordintasuna lehenbizi, efektu bidezko tratatumendurik gabekoa, umilki, “espektakularismorik” edo pasarte “belgurgarriegi” edo sobera “ederregirik” egin gabe. Gordintasuna konposizio aldetik ere, arraroa baita hiru elementu baino gehiago nahasten dituen kanta. Gehienetan, nahikoa dute birekin(txirula eta ttunttuna, esaterako) edo bakarrarekin(joare hutsez, eskusoinu hutsez…). Eta gordina dela esan dut, baina ez da horregatik entzuten zailagoa edo gogorragoa, alderantziz, diska entzuterraza eta ederra da guztiz, hasten denetik amaieraraino.
Goraipatzekoa ahotsaren erabilera ere. “Kamuts, Haizatu, Itsu”-ko ahots bidezko soinuak edo “Harria arrastaka”-ko ahots behartua.
Eta bereziki goraipatzekoa diskako bederatzigarren pieza, “Beti ttunttun gaittun gu”. Duela asko ez dela Ertz jaialdian ikusi eta gozatu ahal izan genuen Arnold Dreyblatt musikaria gogora ekar dezakeen ttunttun, rabab eta alboka bidezko “in crescendo” zoragarria. Ez dakit ongi edo gaizki egina izango den entzule baten aldetik, baina niretzat bederatzigarren pistan hasi eta zortzigarrenean amaitzen da diska hau(Alegia,-ulertu ez duenarentzat- jartzen dudan bakoitzean bederatzigarren pistara joaten naizela berehala).
“Ixuriak”(2004) haren jarraipen landuago eta helduago bat dela esan genezake, bigarren honek izan duen sortze prozesuagatik beragatik hasteko(estudioko lan pentsatua eta aztertua da bigarren hau, eta Sarasolak mendian egindako grabazio batzuen edizio lana lehena), baina hala ere, gehiago espero nuen. Lasai asko esan nezake diska ona, ederra eta heldua dela, baina lehenarekin alderatuta, eboluzio eta bilaketa handiagoa espero nuen. Honekin ez dut esan nahi(inolaz) hemen bilaketa edo esperimentaziorik ez denik, baina oraindik ere gehiago espero nuen. Beharbada, estudioak horretarako eman zitzakeen aukerengatik. Apika, lehenaren antzekoegia iruditu zait bigarren lan hau.
Hala ere, ziur naiz bikote honek fruitu ederrak emango dituela eta oraindik ere ederki asko harrituko gaituztela, lehen diskarekin eman ziguten sorpresaren moduan.
Amaitzeko, ez nuke Eduardo Condek egindako egurrezko kutxa aipamenik gabe utzi nahi. Halako aurkezpenarekin(elegante!) eta barruan dakartzan altxorrekin, etxeko diskografian maitasun handiz jasotzeko objetua da “Ez naiz deusen jabe”.
Gaizka, Xabi, Eduardo… Bejondeiela. Ez dute meritu makala!
Oier Iruretagoiena