LE GARAZI PHILANTROPHIK(E) ORKESTRA: Musiques d’intérieur
January 6th, 2008Durangoko disko eta liburu azokan, aurretik zer erosi ideia jakinik izan gabe sartu ezkero, han eta hemengo postuetan dirutza uztea errazegia izaten dela eta, disko jakin bat buruan nuela joan nintzen aurtengoan: Le Garazi Philantropik(e) orkestrarena. Baionako Agorila zigiluaren postura jo nuen zuzen, baina hara zer sorpresa, Agorilaren ondoan Amanitakoak aurkitu nituenean. Harridura hasieran (Amanita Durangon?). Harridura handiagoa gero, Amanitaren postuan zer eta Le Garazikoen diska aurkitu nuenean gainera! Ez nekien lehena Agorilan argitaratu ondotik, Amanitarekin bigarrena argitaratu berri zutenik. Eta bigarren huraxe hartu nuen bada, “Musiques d’intérieur”.
Azkenaldian nahikoa berri eta sorpresa ematen dizkigun Ipar Euskal Herriko jende multzo batek osatzen du orkestra. Beñat Axiari, Pascal Comelade, Michel Doneda, Mixel Etxekopar edo Sylvain Chauveau bezalako jendearekin jotzen ibiliak asko, beste batzuk (Stéphane Garinen kasuan, esaterako) bakarka ere ibiliak dira elektronikarekin jolasten eta soinu instalazioak egiten, besteak beste. Duela asko ez dela, euretariko batzuk osatzen duten “0 ensemble”-ren “Passacaille” lana entzun ahal izan genuen Idiosyncratics records zigiluan, eta blog honetan bertan ere eman zen diskaren berri.
Pascal Comelade gogoko izan ezkero, ziur Le Garazi Philantrophik(e) orkestra ere “biziki maitatuko” dituzula. Egun eguzkitsuetan entzutekoa.
Oier Iruretagoiena