ADITZEN DUZU?

Sunday, May 5th, 2013

(gaur ere ezin eutsi…)

Entzuten duzu mundua zure barruan lehertzen? Aditzen duzu? Aditzen duzu mendien negarra, lurraren intziria, errekaren xuxurla, oihanaren ahots bizia zure bihotzean taupaka? Aditzen duzu jendearen egonezina, aditzen duzu bizi beharraren larria, aditzen duzu denboraren joanak, agonia kanpaien antzera, jendearen barruan sortzen duen oihartzuna? Aditzen duzu ur geldi hauen kiratsa? Aditzen duzu agintarien larderia betierekoa? Aditzen duzu zenbat hitz egiten duten ezer ez esateko, zenbat lan egiten duten ezer ez aldatzeko? Aditzen duzu bizitza irabazteko bizitza galtzen duten munduko langile guztien nekea? Aditzen duzu txiroaren tormentu estetikoa? Aditzen duzu jendea egunero ezinaren mina irensten? Aditzen duzu bere buruaz beste egitea erabaki duten guztiek erabakia hartzeko orduan begien aurrean zeukaten paper zuriaren isiltasuna? Aditzen duzu izuaren barre algara zitala? Aditzen duzu jendeen arteko tarte horren tentsioa? Aditzen duzu mundua gutako bakoitzaren barruan lehertzen? Aditzen duzu jateko ere ez daukan emakumea Idurre Eskisabeli laguntza eskatzen, bertakoa dela ziurtatzeko karneta erakusten dion bitartean? Aditzen duzu intimoa ez omen den bizitza publiko horren mina? Aditzen duzu?

Xabier Gantzarain

MUSIKASTE 2013 > Garaikidea / Contemporánea

Saturday, May 4th, 2013

MUSIKASTE 2013: XXXXI. EUSKAL MUSIKAREN ASTEA
Musika garaikidea / Música contemporánea
Felix Ibarrondo – 70 urteurrena / Felix Ibarrondo – 70 aniversario

USA-138

Maiatzaren 9a osteguna / Jueves 9 de mayo
20:00 / Centro Cultural “Errenteria Hiria” Kulturgunea

Egitaraua / Programa:
Félix Ibarrondo: “Aitaren Etxea”, 1971- Berezkoak
Sofía Martínez, Reflejos del invierno, 2013
Félix Ibarrondo: “Aitaren Etxea”, 1971 – Thème et commentaires
Sergio Gutiérrez Rodríguez: Visions et plus (Hommage à O. Messiaen), 2013
Ramón Lazkano: Laiotz, 2003
Félix Ibarrondo: Izargui, 2007
Guillermo Lauzurika: Zatiketa, 2011

Ensemble Espacio Sinkro
Sergio Gutiérrez Rodríguez, pianoa
Alfonso Gómez, pianoa
Jabi Alonso, perkusioa
Olaia Montoya, perkusioa
Zuzendaritza artistikoa: Alfonso García de la Torre

ENTZUN

Saturday, May 4th, 2013

(Ezin izan diot tentazioari eutsi…)
Entzun, XABIER GANTZARAIN, BERRIA 2013/05/04

Publikoa ere intimoa da. Barrukoena baldin bada intimoa, zer dago mundua baino barruagokorik? Entzuten dituzu txoriak kantuan, entzuten duzu jendea negarrez, entzuten duzu galipot bustiaren gainean dabiltzan ibilgailuen hots likitsa? Entzuten duzu gauaren isiltasuna zure buruko oihanean hedatzen, dena hartzen, dena iluntzen, entzuten duzu eguna amatatzen eta amiltzen? Entzuten duzu auzoaren telebista futbola botatzen? Entzuten duzu langileen iratzargailua goizeko bostetan jotzen? Entzuten duzu jendea negarrez, entzuten duzu jendea pozaren hari muturrari nola edo hala heltzen, hortzekin, izter artean, begiekin, hitzekin? Entzuten duzu kalean gurutzatzen dituzun ezezagunek zutaz segundo batean ematen duten epaia? Entzuten duzu polizien ahots hiltzailea? Entzuten duzu egunkarien marmarra? Entzuten duzu jendearen ametsetako musika? Entzuten duzu irribarre konplize baten soinu bare eta amultsua? Entzuten duzu begi txiki ederren mugimenduaren ziztua? Entzuten duzu nola doan nire bihotza abaila bizian hondamendira? Entzuten duzu nire buruko oihana, berde, lerden, zer den ere ez dakien sentimendu bati hazteko esaten? Entzuten duzu beldurra erraiak jaten? Entzuten duzu mundua zure barruan hazten?

JUAN ZELAIA LETAMENDI BEKA

Thursday, May 2nd, 2013

Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioak, ERESBIL-Musikaren Euskal Artxiboaren antolaketa laguntzarekin, 2004 urtean jartzen du martxan Juan Zelaia Letamendi Musika Beka.

OINARRIAK / Maiatzaren 15a baino lehen

Juan Zelaia Letamendi Musika-Beka musika-ekimenetan euskara laguntzeko asmoarekin aurkezten da. Hortaz, Euskara eta Musika elkartuta zabaltzeko aurkeztutako proiektuei lagundu nahi die Beka-Lehiaketa honek.

Proiektuak euskaraz idatzi eta defendatuak izango dira.

Musika-munduko edozein eremu ezberdinetako proiektuak aurkez daitezke Lehiaketara, baina interes berezia izan lezakete proiektu-mota batzuek, nahiz eta horietara mugatu beharrik ez dagoen:

  • Alde sozial zabala duten egitasmoek (irakaskuntzan, adibidez).
  • Euskal musika-ondarea birbalioesteko oinarrizkoak direnek.
  • Beren emaitzetan Euskal Herri osora zabal daitezkeenek.
  • Euskal Diasporarako baliagarritasun nabariagoa dutenek.
  • Hedapen-teknologia berrien bidezko proiektuek.

Bi urtetik behin ematen da Beka, eta Beka-Lehiaketa gisakoa izan da berori, hau da, aurkeztutako proiektuen arteko lehia irekian Epaimahaiak aukeratutakoari ematen dio 9.000 -ko dirulaguntza.