Christian Marclay: CROSSFIRE
November 16th, 2007Instalazioa:
CHRISTIAN MARCLAY: Crossfire
Uharteko arte garaikideko zentrua, Uharte (Nafarroa)
2008ko urtarrilaren 31a bitarte
Zenbat irudiz osatzen da gure irudizko memoria? hauetatik zenbatek gordetzen dute lotura biolentziarekin?
Aspalditik entzun izan ditugu armen inguruko kulturari buruzkoak. Hasiera batean, AEBtatik heldu ziren filmeetan eta gaur egun iada mundu osoko filmeetan suzko armek duten presentzia amaitezinak biolentziaren ikonoenganako esposizio etengabera eraman gaitu, informazio guzti horrek ekarriko dituen eta ekartzen dituen ondorioetan sobera pentsatu gabe. Hain gaude ohituak suzko armak zineman eta telebistan ikusten, dagoeneko zaila egiten dela telebistako saio edo filme bat imajinatzea modu batera edo bertzera armetan pentsatu gabe. Horri gainera armen izaerak berak filmeen eta orokorrean mugimenduzko irudien izaera eta formak ere moldatzeko erakutsi duen gaitasuna gehitzen badiogu, biolentziaren espektakularizazio ikaragarri bat bizi dugula pentsa genezake. Baina ez dut uste hau inorentzako berria denik, gai honi buruz bertzelako ikuspegi batek hala dela ohartarazten ez badigu behintzat. Christian Marclay iparramerikarraren Crossfire multimedia instalazioak hala egiten du. Christian Marclay askotan izan dugu hizpide. Soinugintzaren ikuspegitik abiatuz, nagusiki musikaren baina baita bertzelako medioen ikonografiak erabiltzen ditu bere lanean esperimentu estetiko eta kontzeptual gordinak sortzeko. Aldi honetan, Hollywoodeko hainbat filmetako (gehienak aski ezagunak) erreferentziak erabili ditu, soinu eta irudien bidez suzko armen inguruko esperientzia bizi bat proposatzeko. Berriki ateak ireki dituenean (oraindik erdi hutsik dagoela erran daiteke), Uharteko arte garaikideko zentruak erakusketa eta instalazio zenbait aurkeztu ditu bere eraikin berrian, horietako bat Crossfire. Izenak berak dion bezala “gurutzatutako su”-ei (fuego cruzado) egiten die erreferentzia instalazioak. Gela ilun batean lau bideoproiekzio gurutzatu erakusten ditu, bakoitza bere soinu ekipoarekin eta denak bikain sinkronizaturik. Ideia bat egiteko, orotara pantailaz inguratutako kubo baten barruan egotearen inpresioa sortzen du instalazioak. Irudi gehienek armen lehen planoak erakusten dituzte, ikusleari tiroka ari zaizkiolaren itxura emanez. Tarteka, geldiuneen bidez maisuki editaturik, gure memorian filmeei esker itsatsita gelditu zaizkigun armen inguruko mugimendu, zarata eta gestuak ere nahasten dira, orotara collage modura sortutako koreografia makabro bat osatuz. Barruan bizi daitezken sentsazio bortitz eta tentsoek (ikusgarriak ere badira), kanpora irteterakoan resaka gisako bat sortzen dute, barruan egondako denboraren arabera gaindosi ere bihurtu ahal direnak. Halaere bertara bisita egiterakoan, denetik topatu genuen tiro-kutxaren barrenean, haurrak, helduak, gazteak, adinekoak…. eta itxura batean gainera, denak edo gehienak behintzat irrifartsu. Egia ote da beraz biolentziaren ikonografia hori hain onartu dugula gure, etxeko, egin arte? Hau hala bada, sortzen al du Marclay-k irudien abuso honen inguruko kritikarik? edo Tarantinoren, Kitanoren eta bideojokuen tiroketei egindako omenaldi soila bihurtzen al da Crossfire?
Zaila da, gero eta zailagoa, ikuskizunaren gizarte honetan (zenbateko arrazoia zuen Debordek…) kritika eta aisialdirako kontsumorako produktuen arteko diferentziak sumatzea.
X.Erkizia