UDA BETE SOINU !!!!!!

June 25th, 2009

UDASONORO.jpg

Uda oro etorri ohi da soinuz beterik, baina aurtengoak, inguruotan behintzat, bereziki soinu interesgarri aunitz ekarriko du. Jaialdiak, erakusketak, kontzertuak barra barra izanen dira hurrengo hiru hilabeteotan, eta musika esperimentalak deitzen dizkiogun hauen kasuan inoiz baino egoera interesgarriagoen testigu izanen garela dirudi. Jaialdien kasuan uztailean Errobiko festibalak egitarau berezia ekarriko du berriz ere, tartean Yann Gourdon eta Gaizka Sarasola; Irailean ERTZ jaialdiak bere hamargarren urteurrena ospatuko du, bertzeak bertze Greg Kowalsky, Charlemagne Palestine, Francisco Lopez, Mattin, Akauzazte eta bertze artiste aunitzekin; Donostiako Musika hamabostaldiaren ziklo garaikideak Morton Feldman edo Luigi Nono izanen ditu hizpide; eta Jazzaldiak ere utziko ditu bertze zenbait nota eder. Hauez gain Alex Mendizabalen berri izanen dugu uztailean Donostian eskainiko duen emanaldiarengatik. Urtero bezala uda mugitua proposatzen du Artelekuko Audiolabek 2009ko abuztu eta irailarako. Abuztua hasieran Jean-Luc Guionnet-ek inprobisazioari buruzko tailerra eskainiko du, erdialdean musika esperimantalak ezagutzera ematen duten penintsula osoko Netlabel-en topaketa eginen da, eta hilabetearekin bukatzeko irrati-arteari buruzko tailer bat, Miguel Alvarez-Fernandez, Jose Iges eta Alessandro Bosettiren eskutik. Irailean azkenik “Zarata eta Kapitalismoa” liburuaren aurkezpena eginen da, irakurketa talde moduan. Hau gutxi balitz, Donostiako Tabakalerak soinuz betetako erakusketa bat irekiko du uztailetik iraila bukaeraraino, tartean Achim Wollscheid, Marcello Liberato, Edwin van der Heide edo ºSone artisten lanekin. Irailean ere Vitoria-gasteizko Krean Silencio, Krea ekitaldiaren bigarren ekitaldia eginen da, instalazio, kontzertu eta hitzaldiekin. Eta behin hasizkero merezi du aipatzeak Santander-en bigarren urtez ospatuko den Muestra de Arte Sonoro, Mark Bain, Keiichiro Shibuya, Z’Ev eta JF Laporte bezalako artistekin…
Dena den blog honetan bertan ekitaldi guzi hauen inguruko informazio zehatza ematen saiatuko gara, gida amaigabe honetan iparrorratzen bat edukitzeko, bertzela galtzeko adinakoa izanen baitugu.
Horrelako uda baten ondotik, udazkenean belarrientzako lasaigarriak beharko ditugula dirudi…

Leave a Reply