Entzulearen eskubideei buruz (7)
April 16th, 20102010eko martxoaren 25ean BERRIA egunkariko kultura ataleko A CAPELLA zutabean Xabier Erkiziak idatzi bezala:
Orfeoren mitoak gordetzen dituen istorio eta hauen metafora nahiz interpretazio balizkoen artean musikari eta entzumenari buruzko erreferentzia aunitz topa daitezke. Mitoak kontatzen du Orfeok musika jotzeko gaitasun ikaragarria zuela, munduko gizaki eta izaki guztiak xoratzeko modukoa. Bere abenturetan, tartean Argonautekin egindako bidaietan, sirenen kontra egiteko, harriak eta zuhaitzak mugitzeko, ekaitzak baretzeko, jainko, jainkosa eta deabruak xoratzeko edo bizilagunak etengabe dantzan jartzeko erabili zituen bere lira eta zitara. Hain omen zen ederra eta, ondorioz, boteretsua bere musika, entzuleak erotzeko punturaino eramaten zituela Orfeok. Eta bere heriotza kontatzen duten bertsio bat baino gehiago badago ere, aunitzek aipatzen dute bere dohain paregabea heriotzara eraman zuen arrazoia bezala. Nonbait, tristeziak jota musikarik jo ezin zuenez, bere jarraitzaileek, ezinegonez, akabatu zuten Orfeo.
Orain urte gutti James Blunt izeneko pop ñoñokantari ingelesari antzeko zer edo zer gertatu zitzaion, ez horrelako amaiera latzarekin noski. Bluntek You’re Beautiful izeneko balada bat egin eta argitaratu zuen 2006an, zenbait hilabetez mendebaldeko irrati emisora komertzial guztietan (salbuespenik ote izan zen kasu hartan?) etengabe entzun ahal izan genuena. Nazioarteko arrakasta honetan bere jarraitzaile sutsuek zerikusi handia izan zuten: diskoak argia ikusi bezain laster kantu ditxosozkoa behin eta berriz jartzeko eskatu zuten han eta hemen, Ingalaterran, Frantzian, Australian, baita Euskal Herrian ere. Ez zuten bertzerik entzun nahi, eta irratiek nahiz telebistek, noski, ez zieten muzin egin entzuleria xoratuaren eskakizun obsesiboari. Baina hain izan zen gehiegizkoa eta neurrigabekoa kantu honen zabalpena, aste gutxi batzuk geroago guztiz kontrako efektua sortu zuela. Lehen kantu bera behin eta berriz entzuteko eskatzen zutenak mesedez kantu hori kentzeko deika hasi ziren. Ezin zuten gehiago.
Beharbada, Orfeorekin gertatu zen bezala, hori izan zen Blunt akabatzeko modua, zorionez bururik moztu behar izan gabe.
Zentzu horretan, jarraitzaileak, fan-ak, fanatikoak, izango dira seguraski alde batetik beren eskubideak sutsuen defendatzen eta, bistan denez, praktikatzen dituzten entzuleak, baina bertzetik baita okerren entzuten dutenak ere. Akaso itsutzearen ondorio da: jarraitzaile handienak izan ohi dira entzule gorrenak.