Inguruko NETLABELen saretik paseatzen
January 12th, 2011- IXI-AUDIO (http://ixi-audio.net/content/label.html) berpiztu da (tira, zen 2010a bukatu baino ixtante gutti batzuk lehenago): Hiru urte eta pikoko isilunearen ondotik Oier I.aren eta Sigurdur Gudjonssonen bi lan berri argitaratu ditu ixi software taldeko sareko disketxeak. Lehena soinuzko lan eder bezain sendoa (bidenabar, parentesi artean bada ere, lan bikaina!), eta bigarrena bideo euskarrian.
- LARRASKITO (http://www.xedh.org/larraskito/): Johannes Buffek netlabelaren bilduma lana (omenaldia?) osatu zuen erreferentzia argitaratu eta gero, isilik dabil Larraskito. Izen bereko klubak bitartean kontrako fenomenoa bizitu zuen, behintzat azken denboraldirarte. Orain kontzertu espazioa bizi berria hartzeko bidean dela dirudi, netlabelari buruz ordea ezer gutti dakigu.
- DESETXEA (http://www.mattin.org/desetxea.html): Seguruenik sarean topa daiteken netlabel arriskutsu eta ekoizpen haundienekoa izanagatik ere, joan den martxoatik (185. erreferentzia) ez du eguneraketarik izan Desetxearen katalogo luzeak. Behin edo behin aipatu genuen netlabelen lehen belaunaldia (tiln, fals.ch…) joan zen bezala, bigarrenari ere garaia iritsi ote zaion galdetzeko adina ematen du.
- DOMINISTIKU (http://www.xedh.org/doministiku/): Azkenekoz hemen aipatu eta gero etengabe hazten joan da netlabel honen katalogoa. Dagoeneko musika estilo informaleko 50 erreferentzia gordetzen ditu, bertzeak bertze Daniel del Rio, Saliva, Roberto Malloren lanekin. Berdin du inprobisazioa, muturreko zarata edo pop alienigena. Kontua belarriak doministikuka jartzean dagoela dirudi.
- LONCHAS (http://www.com-lonchas.tk/): Berriki aipatu bezain laister bere katalogoa guttienez lau aldiz puztu zuen netlabel ikonoklasta honek. Beharbada lehen aldiz netlabel batek ironiaren errekorra edo musika zer den iada erabakita dutenen belarrientzako probokazioaren arteko muga hautsiko dituela dirudi. Segundu guttiko piezak, izenik gabeko artistak eta apenas informaziorik gabeko musikak. Baina errekorrak aipatu ditugunez, hasi bezala bukatu da Loncha. Hori bai errekorra. Netlabel bat izan zela erratea zilegi da? Edo galdera egitearekin nahiko?