HAZBETE KARRATU ISILTASUN

April 5th, 2011

Berria egunkariak 2011ko martxoaren 10ean A CAPELLA atalean argitaratu bezala:

Tipo berezia da Gordon Hempton. Bere lanbidea hagitz zorrotz, xuxen eta serio egiten duena. Bakarrik horregatik izan zitekeen berezi, baina bertzelako arrazoiak dira benetan desberdin egiten dutenak. Berak soinuak biltzen ditu, natur inguruneetako soinuak. Eta horretan dabil azken 25 urteetan. 80ko hamarkadatik sei kontinente gurutzatu ditu bilaketa etengabe horretan, motorren orroetatik ahalik eta gehien urrunduz, hiriguneak atzean utziz, hegazkinak saihestuz, eta bere gustuko soinua duen momentuaren zain egunak eta gauak pasaz. Obsesio baten adibidea da Gordon Hempton. Eta, obsesio handiekin gertatzen den bezala, guk mundu erreala edo benetakoa deitzen diogun horretatik urrun bizi da. Edo, zuzenagoak izateko, erran dezagun gure antzeko bizitza eramaten badu ere belarriak —eta, ondorioz, burua— urrun dituela.

Nicholas Sherman zinema zuzendariak hari buruz egindako filmak —Soundtracker (2010)— ongi erretratatzen du ekologista akustiko honen bizitza, eta, noski, haren obsesio guztiak. Eta, hein handi batean, Ipar Amerikako zinemak hain gustuko izan ohi dituen heroi erromantiko bat balitz bezala erakusten digu. Grabazio batzuk egiteagatik bere bizitza pertsonal eta profesionala leihotik behera botatzeko prest den pertsona gisa. Hemptonek hilabeteak pasatzen baititu basoan, bakarrik, familiatik urrun, soilik bere gustuko eta berak nahi duena bezalako grabaketa bakar bat egiteko. Bere gustuko musika entzun arte ez du etsitzen.

Maitasun obsesibo horren adibide gisara, joan den hamarkadan Hemptonek proposamen bat egin zion Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuari. Herrialde osoan isiltasunez betetako hazbete karratu bat gordetzea. Alegia, herrialde osoko leku isilenak errespetuz eta erantzukizunez ondare publiko gisa gordetzea.

Haren hitzetan, itxura batean ia ezinezkoa dirudien proposamenak ariketa logiko bat bertzerik ez baitu gibeletik: hegazkin batek gure buruaren gainetik pasatzerakoan kilometroetako soinu arrastoa uzten badu, %100ean gizakiok sortutako zaratarik gabeko natur ingurune batek, hazbetekoa izanik ere, efektu berbera lortuko luke. Isiltasuna zabalduko luke. Baita lortu ere. Urte aunitzez egitasmo hori defendatu eta gero, 2005ean Olympic Park izeneko lekuan topatu eta gorde zuen bere gustuko isiltasuna.

Arazo bakar bat du Gordon Hemptonek. Ezin ditu bere gustukoak ez diren soinuak entzun. Pazientzia galtzen du, negar egiten du zaratarekin. Eta entzuteak, ingurunea edonolakoa dela ere, gustukoak ez diren soinuak onartzea erran nahi du.

Gustukoak ez diren isiltasunak ere bai.

Xabier Erkizia

Leave a Reply