ISILTASUNAK AZTORATZEN NAU
December 23rd, 2011Berria egunkariak 2011ko abenduaren 22an BI AHOTSETARA iritzi atalean argitaratu bezala:
Isiltasunak kezkatzen nau. Edo kezkatu baino, aztoratu. Ez da soziologoek garai hauetako eritasun sikologikoen zerrenda amaigabean isiltasunari beldurra bezala izendatu duten sindrome horri buruzko ezer. Ez diot beldur etxera iristerakoan topa dezakegun isiltasunaren aurrean sortzen den horror vacui horri. Eta oraindik ez dut isiltasun deserosoa hautsiko duen telebistaren edo irratiaren orroa automatikoki pizteko beharrik. Oraindik ez. Nere kezkak ez du zerikusirik kutsadura akustikoaren gehiegizko gailentzearekin, ezta ekologiarekin ere. Ez du norberaren pentsamenduak entzuteak sortzen duen beldurrarekin zerikusirik ere. Oraingo honetan ez behintzat.
Orokorrean, isiltasuna maite dut. Isiltasunean ederra topatzen gozatzen dut. Soinu adina isiltasun dagoela onartzeak, hauetako bakoitzak izan ditzakeen erranahien ugaritasuna ulertzen ikasi dut. Ezingo ditut denak ulertu, ezta osorik ere, ados. Baina gustatzen zait itxura batean hutsa den hortan erranahiak topatzea, hotsik gabeko hitzak aditzea. Hitzek erran ahal ezin dutena ulertzea.
Uler dezaket norberaren erabakiz, gogoz, eragindako isiltasuna. Gehiago hitz egin nahi ez, eta betirako isiltzeko erabakia hartzen duenaren hutsa. Uler dezaket, Joxerra. Uler ditzaket, bizitzaren mugak, muturrera iristerakoan eragiten dituzten isiltasunak. Arnasa akitzen denean sortzen direnak. Uler ditzaket, Joxemari. Baina benetan aztoratzen nau agindutako isiltasunak. Aztoratzen nau errateko hainbertze eduki eta ustekabean bortxaz sortutako isiltasunak. Bidean gelditu baino, bidean galdu diren, ebatsi dizkiguten hitzek sortzen duten ezintasunez betetako isiltasunak. Horiekin ezin dut, Mikel.
Behin, entzumenari buruzko tailer bateko eztabaida saio batean, isiltasuna hizpide genuela, parte hartzaile batek seguruaski inoiz egin didaten galderarik konplexuenetako bat bota zidan: Benetan prest al gaude gizakiak isiltasunean bizitzeko? Ezin izan nion irribarre lotsati batekin baino erantzun. Gaur, ezta hori ere.
Xabier Erkizia
Irudia: He dissapeared into complete silence (1947) Louise Bourgeois.
December 23rd, 2011 at 4:32 pm
Bada ondarik gabeko isila
bai eta ondaz zalapartatua
hondorik gabeko agurra
ta onddoz beteriko egurra
basoa, gazta. Eta ozeanoa:
ideia bezain bare ta leuna