DISKOAREN ALDE (long play)
May 31st, 2012BERRIA egunkariak 2012ko maiatzaren 24ean BI AHOTSETARA iritzi sailean argitaratu bezala:
Diskoaren alde egiten jarraitu nahi dut. Ez da gutxiagorako. Gure kontakizunak daude jokoan.
Lagin gero eta erakargarriago baina (batzuetan) azalekoen bidez banatzen eta osatzen den kulturak kontakizuna bera eta honen denborak eta pausoak galtzeko arriskua baitu. Ez dut alarmista jarri nahi eta ez dut lehenaldian iltzatuta geratu denaren tokia hartuko. Baina diskoari buruz pentsatzen jarriz gero, arrapaladan datozen ideiei kateatuta eustea zaila egiten zait. Zaila eta desatsegina. Bat-batean, Ikeako katalogotik platera erosi eta denda osoa erosi balu bezain satisfetxo sentitzen dena errekonozitzen dut nigan. Noiz edo noiz, kantu bakar bat (baita lelo bat ere) entzun eta disko osoa edo artista baten lan guztia ezagutu duenaren ustearekin nire jakin-mina ase dudala onartu izan diot neure buruari. Diskoak, musikarengatik erosi beharrean, errepresentatzen dutenarengatik erosi izan ditut. Baliteke hala behar izatea ere. Alegia, jarrera hori ez izatea soilik utzikeriaren ondorio edo denbora faltaren aitzakia. Produktuen ordez, sinboloak saltzen dizkigute gero eta sarriago. Ekoizpena merkeagoa da, azkarrago zabaltzen da eta iraunkorragoa da.
Ez dakit letra komun gehiegi dituztelako izan ote litekeen, baina azkartasuna eta arinkeria erraz xamar nahasten ditugula iruditzen zait. Gure jakintza pilaketa klik-en abiaduraren arabera osatzen den heinean, gure arreta zuzentzeko edo nonahi ezartzeko gaitasuna ere horren araberakoa bihurtzen dugu. Filmak telesail bilakatu ditugu, telebista anuntzio mantra, diskoak bideoklip (single), bidaiak argazki, eta bizi-esperientziak aisialdirako katalogo. Eta tartean gure kontakizunak —alegia, gure entzuteko moduak, gogoratzeko moduak— airean uzten ari gara. Diskoak bezala. Iraupen luzeko musika kontakizunak bezala.
Zorte pixka batekin, sarearekin jaio, bizi eta sarearen bidez ezagutuko dutenek gogoraraziko dizkigute egindako akatsak. Eta, beharbada, laster, sarearekin eta abiadurarekin dugun harremana irrigarritzat joko dugu. Horrela, gutxienez, zeinen inuzenteak ginen kontatu ahal izango dugu. Orain arte bezalatsu.
Xabier Erkizia
May 31st, 2012 at 11:13 am
diskoaren kontra (short time)
diskotik at, diskotekara
lehena nire nire kanpaiaren bidea
bigarrenera “pintxa” dijeylakoak dakar berea
ta espedantzarik bada
besterekin dilin ala usaian jardutean
ez natzaiola izan ez aurea ez printzea
ez kamasutrea
June 2nd, 2012 at 3:24 pm
hain xuxen ere…
June 2nd, 2012 at 4:39 pm
La invención del relato: el tiempo humano se resume en eso.La invención de la melodía no es humana y lo precede.