INSTRUMENTALA
June 18th, 2012BERRIA egunkariak 2012ko ekainaren 7an BI AHOTSETARA iritzi sailean argitaratu bezala:
Zutabe-lagun dudan Leireri zor diot gaur idazteko aitzakia. «Kritikagarriagoa iruditzen zait hitz politizatuek musikaren gaineko ikuspegi politiko falta estaltzea» idatzi zuen berak orain astebete, zuzen-zuzen musikaren zauri sendaezinetako bat ukituz. Estetika musikalen politikak aztertzeko sortu izan diren ikerketa eta saiakeretan tentuz aipatzen den zauria da hitzen eta hotsen artekoa. Eta zergatik ez, musika —bereziki jarrera politikoa agertu nahi duena— ulertzeko orduan ia tabu moduko bat. Errazagoa izan zaigu beti arrazoia, hitza, estu lotzea, logikatik ihes egin nahi digun horri eusten saiatzea baino. Deserosoagoa egiten zaigu —punk musika bezalako kasu bakan batzuetan izan ezik— musikarekiko eta musikaren estetikenganako ikuspegi politikoak onartzea, hitzek sor ditzaketen loturak besarkatzea baino.
Edozein musika entzuterakoan lehen kolpetik harrapatzen gaituen horrek ez du hitzik izaten. Eta ez dut uste oker ibiliko naizenik erraten badut musikaren indarra, hain zuzen, hitzgabetasun hortan kokatzen dela sinesten dudala. Ereserkiak dira horren adibide. Hiruzpalau urte pasatuko ziren dagoeneko PPk ereserkien inguruko eztabaida, zehatzagoak izateko espainiar ereserki nazionalaren hitzen inguruko eztabaida, mahai gainean jarri zuenetik. Marcha de Granaderos-ek hitzak behar zituela eta sentimendu nazionalak indartzeko garrantzi handiko gaia zela konbentzitu nahi izan zuten gizartea. Eta errebotez, polemika haren aitzakian Euskal Herriko ereserki nazionalaren beharra azpimarratu zuten ahotsak ere entzun ziren inguruotan.
Ereserkiak, musika ereserkiak, gure sentimendu axaleko eta manipulagarrienak izan ohi ditu helburu. Hitzak eduki edo ez, musikalki eraginkorra izan behar du. Zuzena eta afektiboki biolentoa. Politikoki kargatua. Musikaren trikimailu merkeenak erabiliz ia konturatu gabe modu bortitzean erasotzen (baldintzatzen, gainditzen, ukitzen, akatzen…) diguna. Odola isuri arte.
Eta erranerak dio hitza odolarekin errazago sartzen dela.
Xabier Erkizia