SOUNDS LIKE A PRESIDENT

November 16th, 2012

t1larg.obama.speech.gi

2012ko azaroaren 15ean BERRIA egunkariko “Bi ahotsetara” iritzi zutabean agertu bezala:

Badirudi hauteskundeetan soilik arduratzen garela oratoriari buruzko teoriez. Hautagaiak mikrofonoaren aitzinean solasean entzuten hasten garenean, beti agertzen dira haien diskurtsoak, haien solasak eta haien solaskerak aztertzen dituzten analistak. Ze mezu, nori zuzenduak, ze helbururekin, ze tonotan… Botoak irabazteko orduan detaile guztiak bihurtzen dira ezinbertzeko. Baina analista gutti ausartzen da ahotsari buruz mintzatzen. Berriki egin dituzten AEBko hauteskundeen aitzakian Greg Goodale ikerlaria hautagai guztien ahotsak aztertzen aritu da, botoa noren alde eman erabakitzeko orduan ahotsaren ezaugarriek ze eragin duten ikertu nahiean. Bere hitzetan, historian atzerako ariketa eginez, ez omen da zaila ahots egokiena dutenak hauteskundeetan garaile atera direla ondorioztatzea. Honek ez du hautagiek errandakoa guttiesten, ez dio diskurtsoari garrantziarik kentzen, baina baldintzatu egiten du mezuak gure belarrietara nola iristen diren. Presidente baten soinua izatea ez dago ahots guztien eskura, edo ahots guztiek ez dute (ezin dute) presidenteak izan behar lukeen soinu hori eduki. Romneyk halakoa omen du. Obamak ere bai, jakina.
Ahotsak ez dira objektuak, ez dira betirako berdin mantentzen. Nondik erabili edo solastu molde berriak hartzen dituzte. Hemeroteketara jo eta Margaret Thatcherren ahotsaren bilakaera entzun bertzerik ez dago hortaz konturatzeko. Edo hain urrun joan gabe, Zapaterorena adi entzunda, segidan konturatu gara, presidenteen ahotsak egoera politikoen arabera aldatzen joaten direla. Tonu, sakonera, textura eta zergatik ez, musikaltasunean. Eta ondorioz guk ere, ez ditugu berdin entzuten. Ez zaizkigu berdin iristen.
Irabazleak zein diren jakinik, tranpa eginez, EAEn izandako azken hauteskunde kanpaina entzuten jarri naiz berriz, ahotsei erreparatuz. Eta lehendakari-soinuak zehazki nolakoa izan behar lukeen jakin gabe, guttienez lehendakari ahotsik ez dutenak segituan ezagutu ditut. Belarrietan min egiten dute.

Xabier Erkizia

Leave a Reply