[audiolab] IRRATIAREN BARRENAK ENTZUTEN

March 6th, 2013

IRRATIA tailerra

Martxoaren 7 eta 14an
ARTELEKU, Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa)
Gonbidatuak: Xabier Erkizia, Arantxa Iturbe, Tere Beloki
Lantegi hau EHUko kazetaritza fakultatearekin elkarlanean egin da.

Azken 30 urteotan soinuarekin lan egiteko teknikak eta (ondorioz) estetikak nabarmen aurrera egin duten arren, oinarrian, irratiak orain dela 30 urteko baliabide beretsuak erabiltzen ditu oraindik. Beharbada, gure herri hontan komunikabideekiko ditugun errezeloek behartuta, (dela klase politikoaren eskuhartzea, direla hizkuntza ttikiaren konplexuak eragindako beldurrak edo kultura sonoroa ahaztea, dela irrati-arteak jorratzeko ezintasuna…) irratiak, bereziki euskaraz egiten denak, jarrera nagia hartu du, esperimentatu ezkero audientzia galtzeko beldurrez. Lehentasun kontua ere izan daiteke, euskal kulturan orokorrean zer gertatu den ikusten badugu: hizkuntzaren defentsa eta bizi-iraupena izan ditu irratiak ere lehentasun. Horrexegatik, euskaraz aritzeak dituen berezitasunak eta eskaintzen dituen aukerak ezagutzea (audientziak kopuru mugak ditu, baina txikia beti da malguago) inoiz baino garrantzitsuagoa da, etorkizuneko erronkei erantzuteko gai izango den euskarazko irrati eguneratu eta aurrerakoi bat proposatzeko.
Bi egunetan banatutako lantegi honek irratigintzarekiko ikuspegi berriak sustatzea du helburu nagusi. Aurrera egin nahi bada, gaur egun irratia egiteko moduei erreparatuz, ikuspegi kritikoa eta eraikitzailea topatzea beharrezkoa da. Eta egingarria.

Leave a Reply