IRABAZI
March 8th, 20132013ko martxoaren 7an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:
Sekula ez ditut lehiak gustuko izan. Ez dut ukatuko irabaztearen erotikak harrapatu ez nauenik noiz edo noiz. Baina gero eta errazago asaldatzen naiz onenaren egia nahitaez onartaraztera behartua sentituz gero. Ezin dut irentsi bizitzako edozein alor lehia bihurtzea ona dela ulertarazi nahi digun konbentzio sozial hori.
Lehiaketaren logika supremazista ia denean topa dezakegu. Gustu guztietarako lehiaketak antolatzen ditugu horretarako: Eltzaurrak ipurdiarekin xehatzetik, gitarrarik gabe airean soloak jotzerainokoak. Telebistak txapelketaren muga ergelkeriaren gailurreraino eraman duela ahantzi gabe: ergelenak nor diren edo ergelkeriak hobekien nork egiten dituen erabakitzeko lehiaketak gero eta ugariagoak dira. Eta horrek nonbait eragin psikologiko onen bat izan behar du gugan, ze bertzela ez dago ulertzerik zein den bizitzaren txapelketarizazio honen guztiaren arrazoia. Ez bada behintzat irabazlearen behin- behineko erotika horren apologia hutsala.
Izan liteke munduko pentsalaririk onena, edo metal musikaren estilo jakin bateko bosgarren baxu jotzaile nazional onena, edo arrautza frijituak bata bertzearen ondotik jaten Europako txapeldunorde, baita dopinez goraino gezurretan tour gehien irabazi duen txirrindularia ere. Kontua irabaztea da. Ez dakigu zehazki zertan, ez eta zertarako ere, baina bai irabazi egin behar dela.
Eta ez gaitezen engainatu. Garrantzitsuena parte hartzea dela errepikatzen digutenek badakite lehiaketek irabazleak baino galtzaile gehiago izaten dituztela beti. Are gehiago, lehiak berak, irabazleak sortzeko eta egiteko, beharrezkoak ditu galtzaileak.
Non geratzen diren jakin nahi nuke. Bere momentuan irabazi eta desagertu zirenak. Iritsi ez zirenak, ia-txapeldunak, azkenak eta irabazi adina galdu zutenak. Gure looser-ak. Beharbada ,denok osatzen dugu galtzaile erraldoi bat. Looser masa bat. Eta horretarako gaude hemen. Gu gabe ez baita sekula irabazlerik izango.
(Neure burua desierto deklaratu nahi nuke.)
Xabier Erkizia
March 9th, 2013 at 2:06 pm
Munduko Akordeoi Txapelketa
Donostia Hiria Piano Lehiaketa
Jazzaldiko talde berrien lehiaketa
Musikenen sartzeko postu urriak
Futbol estadioko koruak
Basket polikiroldegiko saltuak
Irabaz oihuak
Negarran dasta ahal diren melodia eder galantak
Slogan ritmatuak
Basamortua: baso mortua: desierto
Basoan badaba lehiarik
Ping pong erritmo makinak eta esforzu oihu melismatikoak.
Ping pong (pilota, eskubaloia, …) tanto bakoitzaren mikrotonalismoa
Dantza: gola sartzerakoan, etxeko salan belauniko
Xake partidaren forma musikala
Garai Garaipen Galdu Gaga
Improbisazio txapelketako irabazle irrigarria