Eta bidenabar… AUDIENTZIA
May 5th, 2013Herritarrak garelakoan bizi gara, hautesleak eta cives guztizkoak, eskubidedun berdinez osatutako gizarte anitz bateko partaide eta eragileak. Herrigintzaren zutabe garelakoan gaude. Politikaren protagonista eta helburu garela sinestarazten digute, etorkizun hobe baten berme garela sinesten dugu.
Deskuidatuta gaude, arras ere makur.
Audientzia gara. Zenbaki hotz batzuk. Berek hitz egiten dute eta gu mutu. Ez digute entzuten, ezin diegu erantzun. Guk ondo eta etengabe jasotzen dugu berena. Berek ez dute, ordea, gurea jasotzeko premiarik. Zenbaki batzuk gara beren audientzia-emaitzetan, zenbakion arabera erabakitzen dituzte programak, programon ziabogak, estrategiak. Inkestetako zenbakiei begiratu, eta uste dute badakitela zer pentsatzen dugun, zer diogun, gure osti txarrak zenbateraino dituzten eramangarri.
Mendebalde osoan aspalditik barreiatu den jenderik gabeko politikak audientzia hutsa gaitu.