BELARRIETATIK GALDERAK

July 4th, 2013

2013ko ekainaren 20an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:

Aditzen jartzen naizen ia aldioro gertatzen zait. Batzuetan, amorrua emateraino. Irratia entzuten hasten naiz, eta zalantzak borborka pilatzen zaizkit belarrietan: entzuten dudan hori, musika ote da? Edo publizitatea? Zergatik jakin beharko nuke entzuten ari naizen kantaria gaztea den edo ez, zeri buruz kantari ari den jakiteko modurik ez badut? Zer erran nahi ote du irrati libre izateak? Edozer, edonola errateko libre dela? Hitza ote da libre? Edo musika? Zerekiko da libre irratia? Ba ote dago irrati presorik? Eta hala baldin bada, gogoratzen al dugu zer esan nahi duen horrek? Akordatzen ote gara irrati presoek ze musika jartzen duten? Eta preso izan baino lehen libre ote ziren?


Musika aldizkaria ireki, eta ezin dut bukle horretatik irten. Musika aldizkari librerik edo presorik ba ote dago oraindik? Publizitatearen gatibu ote dira denak? Musikari buruz libre idazteko aukerarik duen kazetaririk ba al dago? Ofizioa libreki praktikatzen duen kazetaririk bada oraindik? Prentsa oharretatik at esistitzen al da musika kritikarik? Autoan edo etxean musika jarri bezain laister, entzuteko libre ote naizen galdetzen diot neure buruari. Benetan entzun nahi dudan musika entzuten ari ote naiz? Musikak libreak al dira? Edo presoak? Preso politikoak akaso? CDa edo mp3 irakurgailua al da nire musiken kartzela? Zenbateraino baldintzatzen dute nire entzuteko modua?


Kontzertu batera ihes egin, eta sarrera ordaindu ondotik oraindik libre izaten jarraitzen ote dudan galdetzen diot neure buruari. Parean dudan musikaria ere libre ote da? Zertarako, ordea? Nahi duena abesteko libre? Agertokian preso ez egoteko? Edo musikariak presondegia berekin darama agertokira igo baino lehen? Baldintzapeko askatasunean kantatzen al du?


Eta nire belarriak? Libreak al dira? Zergatik daukat orduan kontrako sentipena?
Eskerrak, horrelakoetan borborka aditzen entzuten nauen batenbat izaten dudan alboan: «Lasai, musika ez da hain garrantzitsua» errateko bertzerik ez bada ere.

Xabier Erkizia

Leave a Reply