BASQUE MUSIC
July 10th, 20132013ko uztailaren 4ean BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:
Disko dendak zer diren gogoratzen dutenek ulertuko dute zeri buruz ari naizen. Haiek eta diskoak topatzeko leku bakanetakoak diren supermerkatuetako meta desfasatuetan altxorrak topatzeko esperantza galdu ez dutenek ere bai. Bertan topatu dut nik gaia, Todo a 5€ dioen kartel baten azpian. Bilduma bikoitza da, 22 kantu denetara. Azalean, txistulari hirukotea, mendi magalean. Izan zitekeen Jaizkibel, baina Photoshopa da. Basque Music – Música vasca du izena eta ez du ia kantu bakar bat ere euskaraz. Eta ez da altxorra.
Orain gutti arte, nekez topa zitekeen horrelako bildumarik merkatuan. Lapurdi aldean hasi ziren Basque markari etekina ateratzen, gero Donostiara heldutako turistentzat souvenir-ak egiteko erabili zen, eta horrela, tontamentean, Bilboko Basque Experience horietara iritsi gara. Berdin du literaturari, gastronomiari edo musikari buruzkoak izan. Gure belarrietan soinu primitiboa egiten duen Euskal izateari utzi eta garaiei egokitutako Basque aseptikoagoak izateak zuzenagoa dirudi. Euskaraz edo ez, anekdotikoa da. Basque izatea da inporta duena; ahal bada, titaniozkoa.
Bitartean, National Geographic-en munduko musiken datu-basean basque bilatuz gero, Alboka eta Fermin Muguruza ageri dira. Itunes musika denda digitalean Crystal Fighters taldea (bere musikan basque elementuak nahasten dituena). Sareko bilatzaile unibertsalak Pablo Sorozabal eta Jesus Aranbarri konpositoreak erakusten ditu. Eta Youtuben Europako ekialdeko musikari batzuk ageri dira, Donostiako Bulebarrean musika jotzen. Bilaketa horietako bakar batean ere ez dira ageri XX. mende hasieran egindako euskarazko lehenbiziko grabaketak, ezta 1913an Rudolf Trebischek egindako bilketak ere edo, erraterako, Peter Kennedyk, Alan Lomaxek edo Juan Mari Beltranek egindako bilduma zoragarriak ere. Ez dago gurean grabaketa aitzindari horiek argitaratu edo denon eskura jarri nahi dituen disketxerik. Eta jakina, horrela, zaila da duintasun pixar batekin basque izatea. Ez bada Photoshopi esker.
Xabier Erkizia
PD:
urrun joan gabe… Donostian, 2013an.