ITZULPEN BALDARRAK
December 28th, 20132013ko abenduaren 12an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:
Poetari irakurri nion behin, idaztea, hitzik ez duena hitzen bidez itzultzeko saiakera baldarra baino ez dela. Balio du definizioak musikari buruz idatzi nahiean behin eta berriz baldarkeriatan erortzen tematzen garenontzat.
Hitzik ez duena hitzen bidez azaltzeak beti suposatzen du ordaindu eta onartu ezinezko prezioa gure gain hartzea. Erraterako, musika, hitzez gomendatu daiteke, kritikatu, saldu ere bai, jakina, baina behar bezala, zehaztasunez azaldu, sekula ez. Hori hala dela adostuko bagenu, ez naiz ausartuko musikari buruz mintzatzen digutenean, zer den zehatz mehatz saldu, gomendatu edo kritikatzen digutena definitzen. Baina zalantza gehiegi sortzen dizkit saldu, gomendatu edo kritikatzen diguten hori soilik musika dela pentsatzeak.
Denok bizi izan dugu noiz edo noiz halako egoeraren bat. Gure entzunkide dugunari guk zer entzun dugun azaltzeko beharrari buruz ari naiz. Sentipen berezia da inondik ere. Azaltzen duzuna baino, azaltzen ez duzunaren galeraz jabetzea deserosoa izatera iritsi liteke. Zentzugabea, beharbada. Zertarako azaldu ezer, azalpen behartu bakoitzak azaldu beharrekoa txikitu egiten baldin badu?
Euskaraz, kontraerran hau oraindik ageriago erakusten digun hitza erabiltzen dugu: Itzuli. Atzera egiteko saiakera antzua. Ez al da, bere adiera guztietan, galdutakoa onartzeko modu ederra?
Musika itzultzen saiatzea, gezurra erratea bezala da, baina kontzienteki eta aitzakiarik gabe, guztiz dohain, ezintasunetik. Itzulpen baldarra, ezbairik gabe.
Baina kontua hori baino konplexuagoa da. Batzuetan, irudi, janzkera, ideologia edo bertzelako uniforme azalekoen bidez eraikitako itzulpen baldar horietan oinarrituta, musika bera ere horrelaxe kontsumitzen dugula iruditzen zait. Dohain, aitzaki beharrik gabe. Ez gaitezen harritu beraz, egunero entzuten dugun musika bera ere gure itzulpen baldarrena bihurtzen bada. Politikari eta agintariei buruz erran ohi den bezala, merezi dugun musika baino ez dugu.
Xabier Erkizia