ITZULI/ITZALI URTEA

December 31st, 2013

best-of-the-year-sticker-29541280861429t7pc

2013ko abenduaren 26an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:

Urte amaiera gainera erortzen zaigun aldioro egiten omen ditugu errepasoak eta zerrendak. Musika aldizkariek, adibidez, urteko disko hoberenak zerrendatzeko ariketak egiteko joera izan ohi dute. Kasuak kasu, zerrenda hauek urteko bitxiak zein diren errateko, errepikatzeko eta batzuetan agintzeko ere balio izaten dute. Baina garai batean soilik zerrenda ofizial pare bat agertu ohi ziren bezala, orain, ehunka topatu daitezke sarean, nahi bezain espezializatuak, nahi bezain arraroak eta nahi bezain subjektiboak. Denak arrazoituak eta orokorrean (musikarekin ia beti gertatzen den bezala) defentsan, norberaren arrazoia (gustua) erreibindikatuz idatzitakoak. Eta ia denetan topatuko dugu urte osoaren pisua jasan behar izan gabe, azken hilabetean argitaratu den diskoren bat lehen postuetan. Batzuk, arrazoi guztiarekin, bertzeak oportunismo usainez. Zerrenden kontu hau hain bihurtu da erabakigarria musika saltzaileentzat, badirela estrategikoki zerrendak egiteko bezperan diskoak argitaratzen dituzten taldeak eta artistak ere.

Urteroko errepasoak egiterakoan nagi xamar bihurtzen garelako izango da, edo gogoratu ahala ahanzteko beharra dugula konturatzen garelako. Izan daiteke gure memoria musikalak ez duelako urtebetekako epetan funtzionatzen eta musikak orbain bihurtu arte ez duelako inongo zerrenda zintzotan toki egiteko gaitasunik. Baina, atzera begirakoa egiterakoan, denboran gertukoenak, berri-berriak harrapatzen gaitu beti. Balio dezake gogoratu nahi ez dugun guziaren kontrako antidoto gisara.

Enpresa munduan urte amaierako sindromea deitzen diote. Egitea amestu, baina egin edo lortu gabeko helburuek sortzen duten ezinegonaren sindromea. Sintoma zehatzak ditu: presioa jasan ezina, istripu arriskua, talde-lanerako gaitasun eskasa eta bereziki, edozertan arreta jartzeko zailtasuna. Horregatik, komeni da urteko disko onenen zerrendatan itsu-itsuan ez sinestea. Baliteke sindromepean idatziak izatea. Baliteke, urteko errepasoak baino gehiago, bertze zerbaiten sintomak izatea.

Xabier Erkizia

Leave a Reply