GORPUTZ POLITIKOA

January 22nd, 2014

(…) Arrazoia eta nahimena atera ziren Bilboko kaleetara. Denak zeuden, geunden, inor ez zen falta, kasik. Baino bai, esan daiteke, errealitatearen zurruntasun guztiak bildu zirela. Ikus-entzunezko hark, mutu eta gor utzi baikintuen. Manifestazio isila, isila izan baitzen: urteetan modu isilean herri eta plazetako espaloietan bildu izan direnen isiltasunaz hitz egin baitzen, ez ziren gomazko pilotakaden zaratarik entzun, ohizkoak izan direnak urteetan manifestazio ugarien «isiltasun kolektiboa» hausten, ez zen ahots partikularrik entzun isiltasun kolektibo hura desegin zuenik, ahots kolektiboaren sakontasun isila entzun genuen. Ez dago inoiz guztiz neutrala den isiltasunik. Isiltasunak badu bere ahots propioa, ezkutukoa eta jasangaitza dena batzuetan, eta horixe da Bilboko kaleetan entzun izan genuen isiltasuna: presoen aldekoa, independentziaren aldekoa eta herri baten ahotsa kodifikatzeko kantaren soinuarena ere. Hurrenez hurren, espetxeak erregulatzen dituzten legeen gainetik, herrien eskubideak kudeatzen dituzten erakundeen gainetik eta herri baten errealitatea mugatzen saiatzen diren alderdien gainetik, herri baten nahimenari egin zitzaion lekua. Horrela adierazten dira herriak gorputz politiko bat osatzen dutenean: hau da herri baten ahots isila. (…)

Iker Arranz, BERRIA, 2014/01/21

Leave a Reply