ITZULI BARRIKADETARA
May 10th, 20142014ko apirilaren 17an BERRIA egunkarian agertu bezala:
Eskusoinua gainean, eskopetadun lagunak alboan, eta jomuga, belarria, froontean, etsaiarengan jarrita. Halaxe ageri zen erretratatua musikaria Joseba Tapiaren Agur Intxorta maite disko zoragarriaren azalean. Epika greziarrak gogora ekartzen dituen argazki hartan.
Liburu zaharretan ageri da idatzita musikak sortzen duela mitoa, musikak biziarazten duela, hark bihurtzen duela egia entzuten den aldioro. Eta geroztik beti egon izan da musikariren bat, eta ondorioz musikaren bat —edo batzuk edo anitz— edozein mito jaiotzeko eta bizitzeko momentu guztietan. Gerrak irabazi edo galdu, musikaria frontean izan da beti. Egiak entzutea eta gezurrak sortzea da haren lana.
Frantses iraultzak Marsellesaren melodia jarri zion dekapitazioari. Espainiako gerran, segalarien alde, barrikadetara deituz edo Karmelari negar eginez kantatzea egokitu zitzaion. Eusko Gudariak eta Cara al Sol. Bando batean nahiz bertzean, beti Avanti Popolo. Musikak beti ematen dio arrazoia bere erritmoan dantzatzen duenari. Garai berriak etorri ziren. Punk musika jarri zioten 80koari, soinu banda globalizatua antiglobalizazioari, eta horrela nahi adinatan garaiz garai. Baina jada ez da gertatzen. Iraultza berriek ez dute musikarik. Eta pentsalari nahiz soziologo anitzek artista garaikideen utzikeriari edo apatiari leporatu dio isiltasunaren ardura. Industriak ere ez du profitatu iraultza. Ongi daki halako mugimendu faltsu batek, zilegitasun herrikoiaren protestetatik negozioa egiteko edozein saiakerak, hagitz zauritua dagoen negozio eredua behin betiko akabatu dezakeela. Azken finean, iraultzak efimeroak dira, ziklikoak. Interes ekonomikoak, ez.
Musikariak, bere lanaren ekoizle bakar bihurtzerakoan, industriaren logika bera besarkatu du, halabeharrez. Diskoak saltzea, mezua zabaltzea, bere esku duenetik bizibidea egitea bertze irtenbiderik ez du. Iraultzak ez du musika galdu. Musikak ez du galdu iraultza. Hor jarraitzen du, aurreratzen, mitoak sortzen. Musikariak ez, ordea, eta ez apatiagatik. Gaur egungo musikariak bere gerra, bere barrikada bertze leku batean du. Bertze fronte batean.
Xabier Erkizia