ITZULI OFIZIORA

May 10th, 2014

2014ko maiatzaren 1ean BERRIA egunkarian agertu bezala:

Zergatik gara musikariak gitarristak edo saxofonistak, eta margolariak ez dira pintzelistak?», entzun diot galdera Wade Mathews musikariari. Ezohiko ateraldia izateaz gain, bere hitzek balio dute kulturgile edo artegile izatea pentsa baino zailagoa dela gogorarazteko kultura eta artea luxu preszindibleak direla uste dutenei. Profesioa onartzea edo ofizio bihurtzea lan zaila eta konplexua da artistarentzat. Kontrako mezua maiz eta arin xamar entzuten dugun arren, zaila bada norberak egiten duena artea dela onartzea, are zailagoa da norberak artista izaera, ez akaso onartzea (hori denok egiten dugu, iturgin edo igeltseroek barne), baizik eta profesionalki baldintza duinetan praktikatzea.

«Egunero gosaria egiteak ez zaitu sukaldari bihurtzen. Era berean, musika egiteak ez zaitu musikari bihurtzen», kontatu zidan Iñigo Ugarteburuk. Musikari ofizioaren gaur egungo egoera ulertzen saiatze hutsak arazoak sortuko dizkigu nahitaez musikariei buruz errotuta dauzkagun usteekiko. Azken 40 urteotan musikaren industria erraldoiaren egiteko moduen bidez eraikitako topikoak oraindik bizirik dauden honetan, musikaria, profesionala, mamu baten antzeko zeozer bihurtu da. Kanpotik begiratuta, agertokiaren glamour-ak garai bateko izarren luxuzko bizitzaren ikuskizun zaharkitua ikusarazten digu, taula gainean daudenen errealitateak guztiz bertzelakoak izan daitezkeela pentsatzeko susmorik gabe. Inoiz baino disko gutxiago saltzen den arren, oraindik musikariak diskoen salmentetatik aberasten direla sinetsita bizi gara. Ez gara konturatzen gaur egun diskoak musikarien etxeetako Ikeako apal merkeetan pilatzen direla. Foku azpian, topikoen dirdirak gailentzen zaizkie errealitatearen itzalei.

Erraterako, berriki, Jason Molina (Songs: Ohia), Chuck Schuldiner (Death) eta Vic Chesnutten heriotzek erakutsi digute musikarien fokutik kanpoko errealitate zenbait. Super-izarren luxuetatik urrun, bizitza osoa taula gainean eman ondotik, gaixotasunaren gastuei aurre egin ezinagatik joan dira hiru profesional hauek.

 Xabier Erkizia

Leave a Reply